Urtea betetzear da Zarauzko Indarkeria Matxista Elkargunea. Indarkeria mota horren biktima diren emakumeei zuzendutako sostengu taldea da, eta bi asteazkenetik behin biltzen dira Emakumeen Etxean. N. J. da partaideetako bat, eta, aitortu duenez, balio izan dio "benetan konturatzeko" berak bizi izan dudan istorioa ez dela "bakarra". Ildo beretik, gaineratu du parte hartzaileek bizitako egoeretan zenbait desberdintasun dauden arren, guztiek jarraitzen dutela "hari edo patroi bera". Horregatik, sostengu taldea "ezinbesteko euskarria" bilakatu da harentzat, "ulertua eta babestua" sentitzen delako bertan, «epaitua izateko inongo beldurrik gabe", aldi berean.
Nolanahi ere, «indarkeria matxistaren biktima guztiak ez daude prestatuta sostengu talde batean parte hartzeko», N. J.-ren hitzetan. Azaldu duenez, honakoa ez da sostengu talde bateko kide den lehenengo aldia, aurrez ere aritu zen beste batean, baina "bi urtetik gora" behar izan zituen bertan parte hartzera ausartu arteko pausoa emateko: "Beldur handiarekin sartu nintzen lehenengo sostengu talde hartara, baina ni bezala, baita gainontzeko guztiak ere, oso ohikoa baita. Era berean, behin sostengu taldean sartzeko urratsa eginda ere, ez da erraza hitza hartzea zure esperientziak partekatzeko. Dena den, inor ez dago hitz egitera derrigortuta sostengu taldeetan, entzutera bakarrik joan zaitezke eta zure burua prest ikusten duzunean biluztu".
Isiltasuna eta ukapena
Taldea bertako kide bakoitzarentzat euskarri izateaz harago, nork bere trauma gainditzeko eta mina erreparatzeko bakarkako lanketa ere egin behar duela azpimarratu du zerbitzuaren erabiltzaileak; izan ere, oso argi du horixe izan dela bere «salbazioa». Era berean, prozesu horrek ez duela amaierarik dio, eta abiapuntua, berriz, hauxe dela: "Onartzea biktima zarela eta horrek trauma eragin dizula".
Zentzu horretan, Indarkeria Matxista Elkarguneko kideak deitoratu du hain dela handia indarkeriaren biktimek berau isilpean gordetzeko duten joera, "izugarria" behar duela izan kopuruak. "Biktimetako asko uste gabekoak izaten dira, indartsuak edo oso jantziak iruditzen zaizkigulako edota gure oso gertukoak direlako eta gu laguntzen aritu direlako behar izan dugunean. Horregatik, gerora jakin izan dudanean emakume horiek ere biktima direla, benetan konturatu naiz zein larria den arazoa; izan ere, emakume horiek ezkutuen gorde badute, pentsaezina da zenbat izango diren gauza bera egingo zutenak".
N. J.-k dio, halaber, norbere burua biktima gisa aitortzea bezain zaila edo zailagoa dela laguntza onartzea eskatu gabe iristen denean: "Egoera gure kasa gainditzeko gai garela eta besteen beharrik ez dugula sinestarazten diogu gure buruari. Lotsa ematen digu, nolabait, laguntza behar dugula onartzeak; horregatik, eskatu gabe eskaintzen digutenean, ukatzea izaten da ohikoena hasieran. Eta ez naiz soilik ari erakundeek eskainitako laguntzaz, gertuko lagunak direnean gugana jotzen dutenak, ezetz erantzuten diegu, era berean. Laguntza eskatzea bera ere ez da erraza izaten, baina esango nuke gutxiago kostatzen zaigula. Hori bai, gehienetan, egoera muturrekoa denean egiten dugu, kontziente garelako hil ala bizikoa izan daitekeela".
Feminismoa ezagutu
Indarkeria Matxista Elkargunea emakumeek elkar babesteko osatu duten taldea den heinean, bat dator emakume sareak sortzeko mugimendu feministaren dogmarekin. N. J.-ren aburuz, "oso garrantzitsuak dira sare horiek elkar babesteko ez ezik, ahalduntzeko eta ulertzeko nondik datorren indarkeria". Hori horrela, azpimarratu du feminismoari esker "erantzun asko" aurkitu dituela bizi izan dituen egoeren zergatia azaltzeko. Edonola ere, "feminismoa ez ezik, jakin-mina, hausnartzea, behatzea, hitz egitea eta entzutea ere ezinbestekoak izan dira erantzun horiek aurkitzeko eta kritikoagoa izateko".
Halaber, aitortu du pairatutako indarkeriak gerturatu duela feminismora: "Ni ez naiz feminista jaiotzez. Familia arrunt batean jaio nintzen, eta feminismoa zer zen ere ez genekien. Nire istorioak eraman nau bertara eta lehen ikusten ez nuena argi ikusten dut orain; izan ere, inozentzian bizi nintzen. Tamalez, jende asko dago oraindik horrela bizi dena, eta, are okerrago, gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna ukatzen duena".
Azken horren harira, N. J.-k dio, «zorionez» egungo egoera ez dela lehengoa, baina "hobetzeko asko" dagoela oraindik. Horregatik, garrantzitsuak iruditzen zaizkio datorren asteko Martxoaren 8a bezalako data seinalatuak: "Nahiago nuke halako egun sinbolikorik sekula ez egotea eta guztiok kontziente izatea benetako berdintasuna lortzeko borroka ez dela egun bakarrera mugatzen. Hala ere, desberdintasuna dagoen bitartean, halako egunak beharrezkoak dira ikusgarritasuna lortzeko".