Sei kirolari sari bakar baten bila

Andrea Zipitria 2023ko ira. 21a, 12:00

Larunbatean jokatuko den pentatloi probako finalistak.

Larunbatean jokatuko dute lehen mailako Euskal Pentatloi Sariaren finala Azpeitian, eta eskualdeko bi kirolari izango dira lehian; Andoni Iruretagoiena Izeta VI eta Xabat Olaizola.  

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Xabat Olaizola. Lehenak azken bi urteetan irabazi du Euskal Pentatloi Saria. Bigarrena, berriz, lehen aldiz ari da lehiatzen punta-puntako mailan. Biak ala biak izango dira larunbat honetan Azpeitian jokatuko den Euskal Pentatloi Sariaren final handian, duela bi asteko kanporaketan etxeko lanak ondo egin ondoren.
 

Izan ere, Olaizola zarauztarra hirugarren postuan geratu zen kanporaketan, eta Izeta VI.a aiarra izan zen garaile: 11 minutu eta 48 segundo behar izan zituen hark lanak bukatzeko, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.ak 1983an egindako denbora hemeretzi segundotan hobetuta. Horrenbestez, marka berria ezartzea ere lortu zuen aiarrak.


Marka haustea lortu izanagatik ere, "gorputzaldi nahiko txarrarekin" bukatu zuela kanporaketa aitortu du Iruretagoienak. Horregatik, larunbat honetan helburu izango du "sentipen onarekin" amaitzea, baita txapela etxera ekartzea ere. Hain justu, aste honetan bertan izan da aita, eta "nahiko aste arraroa" izaten ari dela adierazi du. Dena den, argi du: "Txapela amari eta semeari eskaini nahiko nieke".


Aurtengo txapela janztea lortuko balu, hirugarrena izango luke. Bera da egun faborito nagusia ere. Horrek "presio puntua" sortzen diola azaldu du: "Baina gustatzen zaidan presioa da, nik neuk irabazi dudana. Azken finean, ikasi egin dut presio hori kudeatzen. Aurten, lehen aldiz, nire talde txikian psikologo bat sartu dut. Izan ere, pasa den urtean presioak gain hartu zidan; irabazi nuenean, ez nuen behar bezala goxatu».
Izeta VI.a urtarrilean hasi zen pentatloirako prestaketa lanetan; ordutik dabil buru-belarri. Sekretua zein den galdetuta, erantzunik ez duela dio: "Galdera horren erantzuna Paulok du. Urteak daramatzat harekin prestaketa lanetan, eta orain arte ondo joan zait. Entrenamendu gogorrak jarri izan dizkit, eta horietan planteatutakoa lortu arte, orain arte ez dit utzi etxera joaten". Osaba ere bidelagun du. "Joxe Ramon gabe ez nintzateke ezer izango, asko zor diot hari".


Izeta VI.ak berak animatuta hasi zen pentatloian parte hartzen Olaizola. Bost probetatik harri jasotze proba da Olaizolarentzat errazena: "Horretan aritu naiz aurretik ere, eta lehen proba izanik, abantaila lortu nezake. Giza proban, nahiko eroso ari naiz sentitzen azkenaldian. Aizkorakoak izan beharko luke nire proba txarrena, baina kontuan hartuta nire lehen urtea dela, nahiko txukun ari naiz, nahiz eta maila baxuagoa dudan. Zailena eta gehien sufritzen dudan proba korrika egitearena da, bai azken proba delako, baita astunena naizelako ere".


Olaizolaren aurtengo helburua "finalean sartzea" izan da. Gainera, lehen txandan izango da lehiatzen Xabier Zaldua eta Izeta VI.a aurkari dituela, eta horrek "poztasun handia" ematen dio zarauztarrari. Finalean, beraz, "ahalik eta mailarik altuena" ematen saiatuko da, eta batez ere, "disfrutatzera" aterako da Azpeitiko plazara.


Lehia estuena "bigarren, hirugarren eta laugarren postuen artean" izango da Olaizolaren aburuz, eta txapelaren apustua Izetaren alde egiten du. "Berak irabazi du azken urteetan, eta kanporaketan lortutako emaitzarekin, uste dut bera izango dela txapelduna".


Larunbatean erabakiko da guztia: Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita izango da finala. Egin beharreko lanak hauek izango dira: ehun kiloko bolari 25 altxaldi eman; giza proban, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin; aizkoran, hiru kanaerdiko ebaki; 50 kiloko txingekin, sei plaza egin; eta korrika, hiru kilometro osatu –zezen plazari 30 buelta–. Bi txandatan aterako dira plazara, kanporaketako sailkapenaren arabera. Horrela, ohorezko txandan ariko dira Izeta VI.a, Zaldua eta Olaizola; eta beste txandan, Zelai IV.a, Irazabal eta Kañamares.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide