Emakumeen laneratzea bultzatzeko 40 orduko ikastaroa antolatu du UKUEk

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 22a, 08:00

Emakume bat lanean. (Pixabay)

Ikastaroari buruzko informazioa eskaintzeko bilera antolatu du Urola Kostako Udal Elkarteak datorren astearterako, irailak 26. Ikastaroa urriaren 20tik azaroaren 3ra izango da, eta izena emateko azken eguna urriaren 4a izango da.

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak EMA+Indartzen programaren hirugarren edizioa jarriko du martxan urri amaieran, eskualdeko emakumeen ahalduntzea eta laneratzea bultzatzeko. Prestakuntza eta ahalduntze ikastaroak 40 ordu iraungo ditu, eta horri buruzko azalpenak eta informazioa emateko bilera egingo du datorren asteartean, hilaren 26an. Informazio saioa 10:00etan izango da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, Zarautzen, eta aurrez izena emateko eskatu dute arduradunek.

Ikastaroa urriaren 20tik azaroaren 3ra izango da, eta izena emateko azken eguna urriaren 4a izango da. Izena Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bitartez eman behar da, edo aurrez aurre, Udal Elkartean bertan, 08:00etatik 14:00etara.

Telefono zenbaki eta helbide elektroniko bat ere helarazi dituzte, norbaitek informazio gehiago eskatu nahiko balu ere: 943-89 08 08 da telefono zenbakia, eta helbide elektronikoa da lanpoltsa@urolakosta.eus. 

Bi asteko ikastaroa

Emakumeei laneratzea errazteko ikastaroak 40 ordu iraungo ditu, eta lau orduko hamar saiotan banatuko dute. Ikastaroak bi aste iraungo ditu, urriaren 20tik azaroaren 3ra.

Saio guztiak goizez izango dira, 09:30etik 13:30era, Udal Elkartearen egoitzan.

Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek bakarkako hiru coaching saio jasoko dituzte, online.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide