Mugikortasunaren Astean murgilduta, urtero bezala, bizikletaren erabilera sustatzea al da zuen helburua?
Mugikortasunaren Astearen barruan, Txirrindulari Txiki Eguna antolatzen dugu urtero [larunbatean egin zuten], eta beti saiatzen gara Europako Batasunak zehazten dituen ildo nagusiak jarraitzen; nolabait ere, gu horretan nola txertatu edo zerbait gehitu diezaiokegun aztertzen dugu. Aurten, efizientzia energetikoaren ingurukoa da ildoa, eta, alde horretatik, Zarautzen hiru autobus elektrikoren erosketa kudeatzen ari gara. Baina prebentzioari dagokionez, badirudi elektrikoa den hori modernoa eta garbia dela. Mugikortasun elektriko oro osasungarria dela ematen du, eta ez da hala. Alegia, lehen oinez zebilen pertsona batek orain patinete elektrikoa erabiltzen badu, ez da osasungarria, eta, gainera, energia gastatzen du. Kontu bera bizikleta elektrikoarekin. Beraz, elektrikoa eta mugikortasuna elkar hartuta, emaitza ez da beti osasungarria eta garbia.
Baina patinete eta bizikleta elektrikoak errealitate bat dira. Zarautzen zenbateko presentzia dute?
Ez daude horrenbeste. Patineteek hasieran izan zuten goraldia, baina ez dute ordezkatu ohiko bizikleta. Horiek erabiltzeko joera badago, baina beste toki batzuekin alderatuta, askoz gutxiago. Gainera, beste hiri batzuetan dauden bezala, Zarauzko Udalera ere iritsi ziren patinete elektrikoak alokatzeko enpresa batzuen eskaintzak, baina beroaldi hori ere jaitsi da. Hemen ez dirudi patineteak egonkortuko direnik. Bizikleta elektrikoei dagokienez, aldiz, ez dakit; horren dimentsioa baloratzea zailagoa da. Ez dakigu ondo neurtzen zenbatek aldatu duten ohiko bizikleta elektriko bategatik.
Eta horiek nondik joan beharko lukete? Errepidetik ala bidegorritik?
Arauak dio, momentu honetan, bidegorritik joatea baimenduta dutela, edo bestela, errepidetik zirkula dezaketela. Gu zenbait patineteren diseinuak kezkatzen gaitu; batez ere, gurpilen neurriak ikusita eta hartzen dituzten abiadurak kontuan hartuta. Legeari erreparatzen diogu, eta bertan zehaztuta dago nondik joan behar duten, baina une honetan, udal ordenantzan ez dago jasota derrigorrezkoa denik kaskoa erabiltzea. Gure aldetik, ikusita zelako abiadura hartzen duten, gomendagarria ez ezik, ezinbestekoa dela iritzi diogu.
Ardatz nagusietako bat...
Europak bidalitako efizientzia energetikoaren lelo nagusi horrez gain, badaude beste hiru ardatz. Horietako bat soseguz hartzea da, lasaitzea nahiz abiadura moteltzea, eta hori bai datorrela bat gure herriaren mugikortasun ikuspegiarekin. Hori ere bada efizientzia eta osasungarria, zentzu guztietan; prebentzio aldetik landuz, zalantzarik gabe. Europako Batasunetik etorri den mezua baloratuta, Txirrindulari Txiki Eguna ospatu dugu, eta gaur, bizikletak konpontzeko tailer bat egingo dugu.
Sekulako jendetza bildu zen larunbatean Txirrindulari Txiki Egunean.
22. urtez ospatu genuen egun hori, eta jende ugari elkartu zen. Eredu aldaketa izan du: Zarauzko Zikloturista Elkartearekin eta herriko ikastetxeekin lankidetzan antolatzen dugu gaur egun, eta lehen hamabost urteetan, nahiz eta ez zitzaion lehia kutsua eman nahi, adinez banatzen ziren haurrak eta lasterketa itxura hartzen zuen. Duela urte batzuetatik, ordea, errepide soiletatik atera eta mota guztietako ibilbideetara sartzen gara: trafikoa ez da egoten guztiz moztuta, eta, orduan, motordun ibilgailuekin batera ibiltzea tokatzen zaie, oinezkoekin partekatu behar izaten dituzte zenbait gune, bi norabidetako erreiak eta norabide bakarrekoak izan ohi dira... Eta, ororen gainetik, egun horretakoa bizikleta martxa izatea da asmoa. Ibilbidea aldatu da, eta beste pauso bat eman dugu, Salbideko jaien barruan txertatuta. Nolabait esateko, hainbat eragileren elkarlanaren emaitza da.
Bizikleta herria da Zarautz.
Zarautzek badu beste edozein herrik ez duen abantaila. Gure arazoa ez da bizikletaren erabilera bultzatu behar izatea; beste maila batean gaude: benetako erronka bizikleta errepidearen erdigunera ekartzea litzateke, eta beste ibilgailuak bizikletaren abiadurara moldatzea. Jarrera aldaketa ematen ari da gidarien aldetik, eta Txirrindulari Txiki Eguna horren adibide izaten ari dela ikusten ari gara.
Txirrindulari txikiak aipagai, aurki hasiko zarete eskoletan ematen dituzuen bide heziketako saioekin, ezta?
Urrian hasiko gara, baina oraindik egutegia guztiz zehazteko daukagu. Gure ohiko jarduna LH 1etik batxilergora artekoei zuzenduta izaten da, eta, egia esan, eskoletan egiten ditugun saioak oso egonkortuta daude. Ikastetxeek konfiantza ia itsua dute gugan. Gure ildo pedagogiko gehiena egituratuta dugu, eta erronka berriak ere baditugu. Duela hiruzpalau urte elkarguneak eta eskola bideak zehaztu genituen, eta orain, pasagune berriekin, datorren ikasturterako berriro finkatu beharko ditugu. Horrek bide ematen die LH 1 eta 2 mailetakoei herri ezagutza lantzeko. Behin adin hori pasatuta, bizikletarekin lantzen hasten gara.
Duela hiru urte, pandemia garaian, kanpoko espazioak aprobetxatuz, Pauwelsen testa lantzen hasi ginen: gaitasun batzuk denbora jakin batean zeureganatuz gero, errepidera bizikletan ateratzeko adina trebetasun dituzula ziurtatzen du testak. Sasoi hori aprobetxatu genuen LH 5etik DBH4ra arte egiteko testa, eta egunen batean estatistikoki zehaztuko dugu, baina 11 urterekin %90ek bazuten gaitasun hori. Horrek nolabaiteko babesa ematen digu errepidean. Zentzu horretan, ikastetxekoekin adostu nahiko genuke agiri moduko bat, inolako homologaziorik ez daukana, baina gehiago litzatekeena gurasoei begira, ziurtatzeko beren seme-alabek Pauwelsen testa egin dutela eta gaitasunak badituztela.
DBHn eta batxilergoan beste fase batera pasatzen gara: talde presioa, norberaren ezagutza, arriskuen aurrean norberak daukan jarrera... Norberarentzat baliagarriak dira, baina prebentzio komunitarioa lantzeko garaian oinarrizkoak.
Hezkuntza arlotik kanpo egiten al dituzue antzeko saioak?
Hezkuntza ongi dago, baina gure nahia litzateke lan prebentzioen arloan eragitea, adibidez. Lan istripuen %30 trafikokoak izaten dira, eta, alde horretatik, lortu genuen autobus gidariekin ikastaro bat egitea. Egin izan ditugu Emagin elkartearekin, haurdun daudenekin nahiz babes zibilekoekin. Adinekoekin ere landu dugu kaleko erorketen kontua, Osasun Sailarekin batera. Izan ere, gero eta gehiago erortzen dira eta pertsona zaurgarriagoak dira, eta ea egiten dugun beren medikuekin harremanetan tailer bat. Gisa horretan, istripuak saihestea lortuko genuke.