Erabakiak

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2023ko ira. 7a, 10:07

Salberdingo urbanizazio berria. (Jabi Gonzalez Toston)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Gogorra egiten zaigu erabakiak hartzea. Izan ere, erabakia hartzen dugunean bide bat aukeratu behar izaten dugu, eta beste bat (edo gainerako guztiak) baztertu. Eta zerbait baztertzeak kezka eta ondoeza sortzen ditu. Kezkak dio: "Eta ez badut ondo aukeratu?". Ondoeza sortzen zaigu aukeratu bezain azkar, atzera bueltatzen zaila edo ezinezkoa izaten baita, ia beti.

Askotan, erabakiak ondo hartzen dira, eta poztu besterik ez dago: etorkizunak erakutsiko baitigu hautua egin genuenean bide egokia hartu genuela. Beste batzuetan, erabakia oker hartu eta ondorioak jasan behar izaten ditugu sekula sekulorum. Bitartekoak ere izaten dira, ordea. Niri gehien gustatzen zaizkidan erabakiak dira gaizki hartu eta ondorio onak ekar ditzaketenak. 

Kontatzen dute Pozalagua leizeetako inguruan bazirela magnesitako harrobiak. Magnesita mineral garrantzitsua da adreilu erregogorrak (refraktarioak) egiteko, eta adreilu horiek ezinbestekoak altzairugintzarako. Beraz, Dolomitas del Norte SA harrobiak aurrera egin zuen, eta enpresak egindako eztanda baten ondorioz geratu zen agerian mendiaren barnean bazela haitzulo bat milaka urtetan ezkutuan egona zena. 

Izan ere, harrobiak hogei bat urtez jarraitu zuen dinbi eta danba leherketak eginez eta dolomita ustiatuz industriarako. Halako batean, besteak baino handiagoko eztanda batek dardaran jarri zituen lur barneko gela bateko estalaktita eta estalagmitak, eta kalte handiak eragin leizean, baina, bestalde, nabarmenki begi-bistan jarri haitzuloaren sarrera, eta han zegoenaren balioa.

Karrantzako Udalak harrobia behin betiko ixtea erabaki zuen, eta haitzuloak kontserbatzea eta zaintzea. Danbarra hura egitea erabaki okerra izan zen, baina ondorio onak ekarri zituen: harrobia itxi, leizeei balioa eman, haitzuloa jendeari zabaldu…

Soriako San Pedro katedralak ere badu bere historiatxoa. Agintariren batzuek (a instancia de una dignidad y un canónigo, dio historia idatziak) nahi zuten Ama Birjinarentzat kapilla berriren bat egin elizaren albo batean, eta, horretarako, hango zutabe bat kendu behar.

Hargin-nagusiak esan omen zuen ez zela horretan ausartzen, ez zekiela zer gerta zitekeen hori eginez gero. Baina agintariek baietz, egiteko, kentzeko zutabea, eta braust! (el cantero dijo que no se atrevía, se quitó el pilar y se cayó la iglesia toda). Erabaki txarra, baina agintzen duenak agintzen du, eta ixi! Non da, ordea, alde ona? Berehala hasi ziren obrak eta hogeita hamar bat urtean eraikia zuten eliza, dotoreagoa eta berriagoa.

Abuztuko egun bero horietako batean egokitu zait Salberdin deitzen zaion ‘Zarautz Berri’ horretatik pasatzea. Auzo berria ingurune berde batean integratu ordez (gaur egungo hirigintzak gero eta gehiago eskatzen duen eran), horko apustua izan da herriaren zati berriari (Haussmannek Parisi bezala) kale zabalak eta biribilgune handiak ezartzea, eta, behetik gora eta ezker-eskuin, dena harlauza eta harri, bainu-gela bezain ondo baldosaz eta terrazoz dotoretzea (hau da, automobilentzat eta sugandilentzat inguru egokia antolatzea). 

Euriak txistu batean joango dira ihesian, eta eguzki-galdak ondo berotuko ditu hango bazterrak (sugandilen pozerako). Hori bai, lehenengo eta bigarren solairuetakoek bista onak izango dituzte, eta enbarazurik ez zuhaitzetatik txindurriak gora igotzen zaizkielako. 

Auzo aseptikoa izateko oraindik ere obra eta zokogune gehitxo daude inguruan, baina urte batzuetako kontua da, laster bilakatu zaigu den-dena txoko txukuna eta basamortu harritsua.

Nire iritzia da erabaki okerra izan dela era horretako hirigintza aukeratzea Zarautz berria antolatzerakoan, baina, agian, ondorio onak etorriko dira hortik. 

Niri ez zaizkit orain bururatzen, baina… nork daki!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide