Leize, 40 urtez oholtza gainean

Unax LarraƱaga 2023ko ira. 6a, 10:00

Leize musika taldea.

40 urte pasa dira Leize taldeak lehen kontzertua eman zuenetik Iraetan. Oraindik "indartsu" jarraitzen dute, eta "gauzak argi izateak" lagundu die bide luze honetan.

Leize taldeak duela 40 urte, 1983an, eman zuen lehen kontzertua, Iraetako santainesetan. Felix Lasak, Patxi Carrascok, Toño Rodriguezek eta Antonio Waliñok sortu zuten taldea, eta 40 urteko ibilbidean taldekideak aldatuz joan diren arren –hasierako formaziotik Lasak eta Rodriguezek jarraitzen dute–, hasierako gogo eta energia berarekin jarraitzen dute oholtza gainean.

Lasa taldeko abeslari eta gitarristak adierazi duenez, "duela hiru edo lau hilabete" hasi ziren 40. urteurrena ospatzeko bira prestatzen. Dozena erdi kontzertu dituzte aurreikusita aurtengo eta hurrengo urterako. "Managerrarekin hitz egiten egon naiz, eta bira hurrengo urtera arte luzatzea erabaki dugu, aukera politak izaten ari gara eta. Deitzen diguten bitartean, egurra ematen jarraituko dugu", esan du Lasak.

Bikote akustiko moduan egin zituzten hasierako kontzertuak Lasak eta Carrascok: "Garai horretan pil-pilean zeuden udaberriko kontzertuak eta gisa horretako taldeak. Contra viento y marea deituriko bikotea osatu genuen Carrascok eta biok, eta hainbat kontzertu eskaini genituen eskualdean. Garai horretan berbenetan jotzen zuten Egan bezalako taldeak afaltzera joaten ziren orduan jotzen genuen guk".

Ibilbide oparoa

Gitarra akustikoak atzean utzi eta elektrikoei heldu zietenean sortu zen Leize. Rocka egiteko grinak gidatuta hasi ziren Lasaren Iraetako baserriko ukuiluan entseatzen, eta hala jarraitu zuten ia 22 urtez, taldeak geldialdia egin zuen arte. "Maketa bat grabatu genuen Donostiako Tsunami estudioan. Bertan grabatu zituzten Barricadaren lehenengo diskoa, La polla recordsen guztiak, Hertzainaken hainbat... Garai horretako inguruko estudiorik onena zen hura".

Maketa horren ostean, kontzertuak jotzen jarraitu zuten, eta gero eta jende gehiago biltzen zutenez, lehen diskoa grabatzea erabaki zuten, Iruñeko diskoetxe batekin. "Garai hartan euskaraz egiten genuen musika, baina lehen diskoan gaztelaniara eman genuen saltoa. Atera genuen lehen singleak egundoko arrakasta izan zuen Madrilen, eta horren ondoren atera genuen Devorando las calles deituriko gure lehen diskoa". Euskal Herrian ez ezik, Espainia guztian barrena ere ibili ziren kontzertuak ematen, garai hartan ez baitzegoen "horrelako musika" egiten zuen beste talderik.

Lana utzi eta Madrilen bizitzera joateko aukera izan zuten Leizeko kideek garai hartan, baina ezezkoa izan zen beraien erantzuna: "Gu baserritarrak gara. Adarra jotzen ari al zarete? Nola joango gara ba Madrilera?". Beharrezkoa zenean soilik joatea erabaki zuten, eta gaur egun ez dute damurik. "Aukera bera sortu eta onartu zuten hainbat talde ezagutu genituen garai hartan. Hango argiekin, besarkadekin eta txaloekin itsutu egiten zaituzte, eta amaiera garratza izan dezake horrek", dio Lasak.
40 urteotan kide ugari izan ditu Leizek: "Orain  dugun bateria jotzailea bosgarrena da jada. Diskoa atera eta bira egiteko buklean sartzen zara, eta erre egiten zara azkenerako". Taldeak bederatzi urteko etenaldia egin zuen, 1997tik 2006ra, Lasak familian "zentratzea" erabaki zuelako. 2006an Rodriguezekin elkartu zen batean, hark proposatu zion igandeetan entseatzeko elkartzea, disfrutatzeko asmo hutsarekin. "Ordurako hasia zen Interneten garaia, eta hainbat forotan publikatu zituzten itzuli ote ginenaren zurrumurruak, guk ezer esan gabe. Tuteran [Nafarroa] kontzertu bat antolatu ziguten, guk ezer jakin gabe, eta Bartzelonatik, Madrildik... autobusak antolatu zituzten gu ikustera etortzeko. Eta gaur arte", dio iraetarrak.

Taldea inoiz izan duen unerik gorenenean dagoela adierazi du abeslariak, taldea "sendo" ikusten duela ziurtatu du, eta taldekideak "egonkortuta eta lasai" daudela. Zuzenekoan, lau musikariez gain, Oihan Lizaso teknikaria izaten dute alboan, eta horrek soinuaren kalitatean duen eragina azpimarratu du Lasak.

Garai berriak

40 urtek aldaketa ugari ikusteko aukera ematen dute, eta Lasaren iritziz, balioa kendu zaie gauza batzuei: "Musikari, idazteari, eta, oro har, sortzeari, errespetua galdu dio jendeak. Guztia lehia  bihurtu da fokua nork izango duen erabakitzeko". Hala ere, baikor agertu da iraetarra etorkizunaren aurrean. Abuztuaren 26an, Manitu taldea alboan zutela kontzertua eman zuten Zestoako plazan, eta kontzertu horrek Leizeren hasierako kontzertuak gogorarazi zizkiola adierazi du Lasak: "Neure burua ikusi nuen, haien oholtzara igo aurreko urduritasuna, azazkalak jaten egotea... Hori ez dela galdu behar iruditzen zait. Eszenatokira igo aurretik urduritasunik sentitzen ez duzunean, uzteko ordua iritsi zaizula iruditzen zait".

Garbitasuna, giltza

Lau hamarkadaz aurrera egin ahal izateko, elkarrekin "zuzenak eta garbiak" izan behar dela adierazi du Lasak: "Taldekide bakoitzak bere lana du, eta familia ere hor dago. Zaila da 40 urtez jarraian talde bati eustea, dena zaindu behar duzu, eta musikatik bizi ez garenez, zaila izaten da askotan dena lotzea. Pazientzia izateak eta gauzak argi edukitzeak asko laguntzen dute".

Taldekideek musikarekiko duten pasioak gidatu du Leize urte hauetan. "Musika eta bizitza gauza bera dira niretzat", esan du Lasak, "maila oneko ikuskizun bat ematen jarraitzen dugun bitartean, bizirik iraungo du Leizek".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide