Tiloak plataforma: "Zarauzko Udalarekin elkargune komunak lortu ditugu"

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 9a, 20:00

Nafarroa kaleko ezkiak moztearen kontra egindako protesta bateko irudia. (Aritz Mutiozabal)

Herriko zuhaitzak babesteko ordenantza egitea proposatu du plataformak, eta alkatearen "konpromisoa" jasota, "pozik" daude, baina era berean, "proposatutako helmugara behar bezala iritsi arte, erne eta lanean" jarraituko dutela esan dute ohar bidez.

Tiloak plataformak ohar bidez jakinarazi du "Zarauzko Udalarekin elkargune komunak lortu" dituela, eta pozik agertu da hilabeteetako borrokaren ondoren lortutakoarekin: "Egindako bideak aurrerantzean gure herriaren zuhaitz-altxorra babestea lortuko duen hiri-arboladiari buruzko ordenantza onartzea ahalbidetzen du, eta beraz, denok poztu eta elkar zoriondu beharko genuke".

Plataformak hainbat xehetasun eman ditu udalarekin egindako bilerez nahiz mugimenduak berak emandako pausoez. "Plataforma hau, otsailean, gure herriko zuhaitz guztiak babestuko lituzkeen ordenantza proposamena lantzen hasi zen. Proposamen hori Arauzko Herri Ekimen (AHE) gisa aurkeztu zen. Ekimen hori aintzindaria da Euskadin, eta Europako herrialdeetan dauden jarraibideekin bat dator", azaldu dute.

Xabier Txurruka alkatearekin bi bilera egin dituztela eta udaletxean arazo teknikoak izan dituztela ere jakinarazi dute. "Gure eskaera tramitatzen hasteko, udal idazkariari kontsulta egin genion, gure proiektua berrikus zezan, proiektuaren legezkotasuna ziurtatzeko. Proiektua udaletxean aurkeztu ondoren, maiatzaren 3an, herritarren sinadurak biltzeari ekin genion. Hori da, izan ere, AHEa tramitatu ahal izateko betebeharreko lehen baldintza. Sinadura bilketa martxan genuela, alkateak bilera batera deitu gintuen; bertan, udal idazkaria ere izan zen. Alde batetik, gure proiektuan jasotako artikuluetako bat behar bezala garatuta ez zegoenez, bildutako sinadurak baliozkoak ez zirela azaldu ziguten. Horrek, harritu egin gintuen; izan ere, idazkariak ez gintuen horretaz ohartarazi. Bestalde, eta hau alderdi positiboa da, alkateak konpromisoa hartu zuen oro har gurearekin bat datorren udal ordenantza egiteko".

Gauzak horrela, plataformak erabaki du bertan behera uztea sinadura bilketa, "udalak aurkeztuko duen ordenantza ezagutu bitartean". Plataformak ordenantzari buruz hainbat puntu azpimarratu nahi izan ditu: "Azpimarratu behar da ordenantza hori osoko bilkuran dauden politikari guztiek adostu beharko dutela, baita beren proposamenekin parte hartzeak egingo dituzten herritarrek ere. Ordenantzaren helburua Zarautz osoko zuhaizti-ondarea babestea eta zaintzea izango da. Ordenantzak ez du balioko zuhaitz mozketak legeztatzeko, baizik eta horiek babesteko eta hori ahalbidetuko duen irteera teknikoak bilatzeko".

Bitartean, "erne"

Tiloak plataformak helburua lortu arte tinko jarraituko duela ere esan du: "Proposatutako helmugara behar bezala iritsi arte, erne jarraituko dugu, lanean jarraituko dugu, orain arte bezala, udalean babesa eman diguten guztiekin elkarlanean aritzeko beti prest, baita egungo udal gobernuarekin ere. Herritarren benetako partaidetza duen herri ekimen bati uko egin behar izan bazaio ere, esan bezala, ezin dugu ahaztu ehunka pertsonen laguntzarekin burututako iniziatiba hau izan dela akordiorako bide hau irekitzeko aukera eman duena".

Horrez gain, idatziaren hasieran plataformak azpimarratu nahi izan du "gertaera tamalgarria gogorarazi" behar dela: "Nafarroa kaleko lehen faseko obran nahiz gure herriko beste zenbait puntutan egindako ezki-mozketak sekulako arborizidioa dira, eta milaka herritarrengan ezinegon handia eragin dute", salatu dute.

Amaitzeko, ohartarazpena egin dute herriko beste gune batzuen harira: "Ezin ditugu aipatu gabe utzi Salberdin parkearen eta aparkalekuaren proiektuak. Zarauzko eremu horretan gertatzen ari den aldaketa urbanistiko izugarrian kontu handiz ibili behar da berdeguneekin. Etorkizunari begira, plataforma honek zarauztar guztien bizitzak hobetuko dituen zuhaitz berriak dituzten parkeak eta urbanizazio jasangarriak ekarriko dituzten plan guztiei emango die laguntza".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide