Ostalaritzan ere bada jendea ikasteko prest

Mireia Galarza Bastida 2023ko eka. 22a, 09:30

Atzo goizean, Aiala eskolan, Zurekin ikastaroko une batean. (Mireia Galarza Bastida)

Zurekin ostalaritza elkarteak doako ikastaro bat antolatu du sektore horretan lan egin nahi duten herritarrentzat. Lehen edizioa da, baina izugarrizko arrakasta izan du; izan ere, plaza guztiak bete dira. 

Ohikoa da Aiala sukaldaritza eskolan ikasleak ikustea ikasturtean zehar. Dozenaka lekutako hainbat eta hainbat pertsona joaten dira bertara etorkizunean amantala janzteko ametsarekin, jangeletan otorduak zerbitzatzeko asmotan.

Azken astean, ordea, Aialako ikasgeletan bada bestelako ikastarorik ere. Hain zuzen, Zurekin Zarauzko ostalaritza elkarteak aipatutako ostalaritza eskolarekin elkarlanean, zerbitzu eta arreta ikastaroa antolatu du uda honetan sektore horretan lan egin nahi duten guztientzat. Orotara, hogei gaztek izena eman dute bertan, eta ikastaroa ostiralean amaituko bada ere, Maider Izagirre Zurekineko koordinatzaileak «balorazio positiboa» egin du egitasmoaren inguruan. «Hogei leku zeuden, eta guztiak betetzea pozgarria izan da guretzat», azaldu du. Gainera, beste hamabost lagun inguru kanpoan gelditu direla ere esan du Izagirrek.

Ikastaroaren zergatiari buruz galdetuta, Izagirrek ez du zalantzarik izan, eta azaldu du udan Zarauzko ostalaritzan «izugarrizko beharra» izaten dutelako nahi izan dutela jendeari formazioa ematea. Haren hitzetan, «asko esperientziarik eta jakintzarik gabe» iristen dira sektorera, eta hogei orduko formakuntzaren bitartez, «gutxieneko jakintza» eman nahi izan diete parte hartzaileei, «beraiek ere segurtasun pixka bat izan dezaten», eman du aditzera Izagirrek.

Astelehenean hasita, bihar amaituko dute ikastaroa, eta  Izagirrek dioenez, hainbat arlotan sakondu dute. Astelehenean koktelen inguruko formazioa jaso zuten, eta barran ere aritu ziren ikasleak. Asteartean, berriz, jangelako lanean aritu ziren, eta bertan lan egiteko moduaz nahiz  antolaketaz jaso zuten informazioa. Atzo higieneari eta segurtasunari buruzko hainbat gako ikasi eta elikagaien manipulaziorako agiria eskuratu zituzten, eta gaur, aldiz, enologiaren nahiz edarien inguruan jasoko dute formakuntza. Bihar, bukatzeko, kafeei eta infusioei buruz arituko dira.

Ostalaritzako lanaz gain, ikasleei Zarauzko leku interesgarriei buruzko informazioa ere eman dietela gaineratu nahi izan du Zurekin ostalaritza elkarteko koordinatzaileak, baita euskarazko hiztegi bat ere, «komunikazioa eta tratua hobetze aldera».


Arrakasta, berehala

Jendea kanpoan geratzeaz gain, Izagirrek dio Zarauztik ez ezik, Gipuzkoako beste hainbat herritatik ere jaso dituztela deiak formakuntzan parte hartu nahian, hala nola Hernanitik, Oriotik edo Donostiatik. «Horrek garbi erakusten du beharra eta interesa daudela», gaineratu du Zurekineko koordinatzaileak.

Arrakasta ikusita, Izagirrek azpimarratu du hurrengo urtean ere saiatuko direla ikastaroa berriro antolatzen, eta zera gehitu du: «Ikastaroan parte hartu duten guztiek ez dute lana topatu oraindik, eta horiekin lan poltsa osatzea da asmoa; beraz, ostalaritza guneek jendea behar badute, gurekin jar daitezke harremanetan».


Gazteak, lanerako gogoz

Ikastaroan parte hartu dutenen artean daude Marina Manterola, Maddi Gil, Pablo Vazquez eta Aimar Mendez zarauztarrak. Batxilergoan dauden lau gazteak prest daude udaz gozatzeko, baina baita lanerako ere. Izan ere, ikastaroan izena eman dute uda honetan ostalaritzan lan egin eta «diru pixka bat irabazteko asmotan». Azaldu dutenez, uda garai «aproposa» iruditzen zaie lanerako, eta «ikasteko gogoz» ari dira formazioa egiten. Gilek aditzera eman duenez, amak esan zion formazioa eskainiko zutela, eta hari kasu eginda erabaki zuen izena ematea. 

Gazteen aburuz, horrelako formakuntzak «oso ondo» etortzen dira lanean hasi aurretik esperientzia pixka bat hartzeko. Izan ere, Manterolaren hitzetan, «segurtasun gabe» hasten dira lanean gazteak ia beti, eta horrelako ikastaroen bitartez, «gutxieneko oinarri batekin» iristen dira lanera. Eta zera gaineratu du: «Ostalaritzako kontuez gain, horrelako egitasmoekin jabetzen zara bezeroekiko tratua zaintzea oso garrantzitsua dela; hori ere azpimarratzen dute saioetan».

Mendezek azaldu duenez, formakuntza garrantzitsua da epe motzean lanerako, baina baita etorkizunari begira ere. Haren hitzetan, urte batzuetara «ondo» etorriko zaio curriculumean ostalaritza arloan lana egiteko formakuntza jasota duela erakustea, horrek «aukera gehiago» sortuko dizkiola uste baitu.

Formakuntzak formakuntza, lau gazteak prest agertu dira udan gogo biziz lan egiteko. Aditzera eman dutenez, momentuz ez dakite zein lekutan ariko diren lanean, baina «edozein lekutan» lan egiteko prest daude. «Azken finean, badakigu ez dugula esperientziarik, eta horrek mugatu egiten digu aukeraketa, baina pixkanaka-pixkanaka, joango gara esperientzia hartzen, eta erosoago sentituko gara lanean», esanez amaitu du Vazquezek. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide