Agur esateko azken festa

Mireia Galarza Bastida - Urtzi Oteiza 2023ko mai. 26a, 10:00

Skasti taldeak bere ibilbideari amaiera emateko kontzertua eskainiko du bihar, Hiruputzu gaztetxean. Hitzorduarekin "gozatzeko prest" daude taldekideak.

Apirilaren 11n iragarri zuen Skastik bere azken kontzertua emango zuela sare sozialen bitartez. Eta ez edozein lekutan, etxean baizik, taldea sortutako leku berean. Iker Iñigo Antxus taldekidearen arabera, "uda eta gero, aukerak aztertzen" jardun zuten, eta hasierako asmoa kontzertua atari zabalean egitea bazen ere, azkenean ezin izan dute ideia hori gauzatu. "Ez genuen nahi kontzertua esklusiboa izatea, edozein etortzeko modukoa baizik. Azkenean, hainbat faktore tarteko, Hiruputzu gaztetxean egingo dugu, formatu txikiagoan, baina beroagoan ere bai, ziurrenik", adierazi du taldeko abeslariak. 

Horren aurrean, eta kontzertua gerturatzen ari den neurrian, «urduritasun puntua» sentitzen hasiak direla azaldu du taldeko beste abeslaria den Xabier Uzin Binok. "Kontziente gara azken-azkena dela, eta ez dakigu gure gorputzak nola erreakzionatuko duen larunbatean oholtzara igotzen garenean", aditzera eman du. Bi abeslarien hitzetan, gainera, "azken" hitzak errespetu pixka bat sortzen die, ondoren zer etorriko den ez dakitelako.

Dena den, "gogoz eta gozatzeko asmoz" daudela adierazi dute Antxusek eta Binok. Gozatzeko gogoz daude, noski, sarrera guztiak agortuta utzi dituzten herritarrekin. Abeslarien hitzetan, "zaila" egin zitzaien edukiera zehatz bat jartzea, baina kopuruak kopuru, gaineratu dute ez dela "hainbeste jende" geratu sarrerarik gabe. "Esan daiteke egon nahi duten gehientsuenak izango direla larunbatean gurekin, eta pozik gaude horregatik", azaldu dute.  

Kontzertua Arraio irratiaren 17. urteurrenaren barruan kokatuta dago, eta Uzin eta Iñigoren arabera, "festa bat" izango da egun hori. Arraiokide batzuk musika jartzen egongo dira, eta Jikuri taldea eta hainbat DJ ere batuko dira jaialdira. "Azken bost urteetan, gainera, taldeko bi Arraioko kide ere bagara. Horregatik, uste dut ilusioa ere egin digula beraien urteurrenean kontzertua eskaintzeak", dio Binok. Kontzertua Hiruputzun izatea ere polita dela adierazi du Antxusek: "Leku berri batean izango gara, baina gauzak zer diren! Gure amaierak beraien hasierarekin bat egingo du". Horrez gain, diskoen aurkezpenak nahiz kontzertuak gaztetxean egiteko inoiz arazorik ez dietela jarri ere adierazi du. 


Esentzia bera

2005ean hasi zuten euren ibilbidea Skastiko kideek, Astin futbolean jokatzen zuten nerabe batzuek futbolaz harago zihoan zerbait elkarbanatzen zutela ikusi zutenean. Antzeko ezinegonak zituztela eta, erdi txantxetan, musika taldea sortu behar zutela iradoki zuen haietako batek. Hasierako txantxa hura espero baino serioago hartu eta lokalean entseatzen hasi ziren. 

Harrezkero, ia hogei urte igaro dira, hamazazpi zehatzago esateko, eta «gauzak asko aldatu» badira ere, funtsean "berberak" izaten jarraitzen dutela adierazi du Uzinek. "Hasieran, musika egin nahi zuen lagun talde bat zen Skasti, eta hamazazpi urte geroago, ez da aldatu hori. Musikari dagokionez, agian egon da bilakaera bat, gure erreferentziak ere ez direlako beti berdinak izan", gaineratu du. Azken biran, gainera, "hasierako esentzia" berreskuratu dutela zehaztu dute bi abeslariek, eta horrekin eman nahi diote amaiera larunbatean. 

Zortzi musikarik osatzen dute Skasti, baina asko dira horien "orbitan" sartu eta atera direnak. Eskertzeko izenei buruz galdetuta, "zerrenda amaigabea" dela azaldu dute: jai batzordeetako antolakuntzako kideak, gaztetxeetako jendea, diskoetako azalen egileak, kamiseten diseinuak egin dizkietenak, tekniko guztiak, kamisetak saltzen aritu diren kuadrillakoak… "Batzuk modu profesionalean eta besteak ez hain profesionalean, baina guztiek egin dute ekarpena taldean, eta oso eskertuta gaude", azaldu dute. Bereziki izen bat nabarmendu nahi izan dute: Julen Portillo. Biek garbi esan dute "laguntza handia" eman diola Portillok taldeari Skasti energia gutxirekin zegoen momentuan. "Gauza asko egin ditu, eta taldeari amaiera duina ematen diogula bermatzen lagundu digu", azaldu dute taldekideek. 


Atsedenerako unea 

Etorkizunari begira jarrita, abeslariek garbi dute: "Urte luzez ibili gara elkarrekin, eta momentu honetan atseden hartzeko garaia da. Gustura hartuko dugu hori". Hori horrela izanda, musikari dagokionean, "epe motzean behintzat" ez dutela elkarrekin joko nabarmendu dute. "Dena den, kuadrillakoak ginen Skasti sortu aurretik eta taldeak iraun duen bitartean, eta aurrerantzean ere hala izango gara. Lotuta gaude zentzu horretan", adieraziz amaitu dute abeslariek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide