Anbulatorioko erizainak kezkatuta daude larrialdi zerbitzuko egoerarekin

Jabi Gonzalez Toston 2023ko api. 20a, 09:00

Zarauzko osasun zentroaren ataria. (Aritz Mutiozabal)

Medikurik gabe aritu behar izan dute Aste Santuko hainbat egunetan, eta beldur dira etor daitekeenarekin. Sinadura bilketa abiatzeko asmoa dute, arreta egokia berma dadin.

Zarauzko Etengabeko Arreta Guneak (EAG) ez du medikurik izango gaur arratsaldeko txandan, eta, ondorioz, erizainek eman beharko diete arreta beste behin ere ohiko ordutegitik kanpo eta premiaz artatu beharreko kasu arinekin osasun zentrora jotzen duten erabiltzaileei. Erizainek salatu dutenez, azken asteotan hainbatetan egin behar izan diote aurre egoera horri; izan ere, Aste Santuko egunetan ere jardun dute medikurik gabe. Oporraldia atzean utzita, egoerak bide beretik jarraitzen du, eta kezkatuta daude udan gertatu daitekeenari begira. Izan ere, erizainen izenean Urola Kostako Hitzarekin hitz egin duen Edu Quintanok ohartarazi duenez, "lan karga nabarmen handitzen da udan".

Quintanok gogoratu du, gainera, beraiek ezin dituztela mediku lanak egin: "Guk ezin diogu esan zer duen ondoezik datorkigun erabiltzaileari, medikuari dagokio hori zehaztea". Horren harira, erizainen bozeramaileak nabarmendu du orain arte ezer larririk gertatu ez bada ere, handia dela arriskua, egokitu zaielako egoera konplexuak kudeatzea: "Anafilaxi kasu bat artatu behar izan genuen Aste Santuan, eta arreta handiz jokatu behar izaten da halakoetan; izan ere, hilgarria izatera irits daiteke". Quintanok azaldu duenez, badakite nola jardun behar den anafilaxiaren aurrean, baina beste zentro bateko medikuarekin baieztatu behar izan zuten kasua telefonoz.

Hari beretik, erizainek salatu dute ez dela landu muturreko larritasun kasuen aurrean nola jardun behar duten arautuko duen protokolorik. Are gehiago, Qintanok dio "bat-batean" egokitu behar izan dutela oraingo lan egoerara eta ez dietela irizpide aldaketaz garaiz abisatu. Zentzu horretan, erizainak zehaztu du duela bost bat hilabete arte, beti bermatzen zutela arratsaldeko txandan mediku bat egotea eta bi asteburukoetan: "Orain arte beti ukatzen zizkieten jaiegun eskaerak medikuei ordezkorik ez bazegoen, baina egun batetik bestera eskaera guztiak onartzen hasi dira". Hori gutxi balitz, erizainak kexu dira egun gutxiko aurrerapenarekin jakiten dutelako medikurik izango duten ala ez.

Neurriak hartuko dituzte

Quintanok azaldu du, halaber, Zarautz barne hartzen duen Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratu (ESI) osoari eragiten dion arazoa dela aipatutakoa, eta susmoa dute "zerbitzua murriztu" nahi duela Osakidetzak. Gainera, hark dioenez, Bizkaian eta Araban ere gertatu da gauza bera hainbat ESItan. Gipuzkoan, Donostialdekoa da bakarra, baina erizainak argi du zein den egoeraren arrazoia: "Medikuak falta dira anbulatorioetan, eta Osakidetzak behar bezala zaindu ez dituelako gertatu da hori".

Hori horrela, osasun publikoa defendatzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuetan larunbatean egingo dituzten manifestazioetan parte hartzeko deia egin du Quintanok. Horrez gain, jakinarazi du biltzen ere hasi direla zer neurri hartu ditzaketen aztertzeko. Oraingoz, arazoa ezagutarazteko eta EAGetan, gutxienez, mediku bat dagoela bermatzeko sinadura bilketa egiteko asmoa dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide