Asteburuan jokatuko duzue lehen itzuliko azken partida, baina dagoeneko lortu duzue azken urteetan ihes egin dizuen igoera fasea jokatzeko txartela. Zer aldatu da taldean?
Sorpresa eman dugula eman dezake, baina azken urteetako lan onaren emaitza da. Harrobiko jokalari asko gaude duela lau urte lehen taldera igo ginenak, eta denbora horretan hartu dugun eskarmentua hasi da nabaritzen. Oso gazteak ginenean igo gintuzten halabeharrez, taldearen bizkarrezurra osatzen zuten jokalari askok aldi berean utzi ziotelako jokatzeari, eta orain, sendotuago gaude.
Jauzia nabaria izan da, egia esan. Sei partida irabazi dituzue, eta bana dira berdindutakoak eta galdutakoak. Aurreko bi denboraldietan, aldiz, gehiago izan ziren galdutakoak.
Denboraldiaurre oso gogorra egin dugu, eta hori ere antzematen da. Iazko denboraldian ez bezala, aurtengoan hobeto iristen gara partiden amaierara. Lehen zatian indarrak parekatuago egoten dira beti; ondorioz, bigarren zatian egin ohi du balantzak alde batera edo bestera, eta orduan gu oso ondo aritu gara. Iaz, azken jokaldian partida bat baino gehiago galdu genuen.
Defentsan ere eman duzue aurrerapausoa. Bigarren maila osoko onena da zuena.
Lehen ere bazen gure indargune nagusia. Hortik abiatzen ditugu partidak, eta aurkariak gogaitzea lortzen dugu. Azken finean, entsegu marrara asko gerturatu arren, tantoak egitea lortzen ez badute urduritzen hasten dira, eta akats gehiago egiten dituzte.
Zu, ordea, erasoko jokalaria zara defentsakoa baino gehiago. Aurten, halere, kostatu egin zaizu entseguak egitea. Azken bi neurketan egin dituzu denboraldiko lehenengo biak. Esan daiteke arantza atera duzula?
Futbolarekin alderaketa eginez, esaten da goletik bizi dela aurrelaria, bada nire postuan aritzen garenoi antzerakoa gertatzen zaigu. Egia da tantorik egin ez arren, taldeak irabaztea lortzen badu, ez zaizula hainbeste axola. Baina, aldi berean, jardunaldiak pasatu eta entsegurik egin gabe jarraitzen baduzu, itsutu egiten zara. Niri hori gertatu zait hein handi batean, sei jardunalditan ez dut entsegurik lortu, eta nire burua estutzen hasita zegoen.
Edonola ere, erabatekoa da zugan duten konfiantza. Soilik 22 urte dituzun arren, laugarren denboraldia duzu lehen taldean: ia partida guztiak osorik jokatu dituzu eta kapitainetako bat ere bazara, gainera. Garrantzitsua sentitzen al zara?
Bai. Esan behar dut, gainera, oso eskertuta nagoela entrenatzaileek lehen urtetik eman didaten konfiantzagatik. Dena den, aitortuko dut desilusio txiki bat ere izan nuela igo nindutenean. Esan bezala, pisuzko jokalari multzo batek taldea utzi berri zuen orduan, eta erreferente nituen jokalariak ziren haietako asko, gaztetxoa nintzela harmailetatik ikusi nituenak. Haiekin batera jokatzearekin amesten nuen, baina, aldi berean, badakit jarraitu izan balute gutxiago jokatuko nukeela. Beraz, atea ere zabaldu zidaten, nolabait.
Beste talderen batek egin al dizu eskaintzarik inoiz?
Bai, Baionarena jaso nuen hamasei urte nituela, baina ezezkoa eman nion. Oraindik ez dakit ondo edo gaizki egin nuen, beti izango dut zalantza txiki hori. Hala ere, erabaki guztiek dituzte alde onak eta txarrak. Onartu izan banu, agian, ez nukeen azken urteetan gozatu dudan bezainbeste gozatuko.
Hortaz, klubeko pertsona zara?
Guztion artean osatzen dugu kluba, jokalarion eta zuzendaritza postuetan dihardutenen artean, eta uste dut elkar lagundu behar dugula aurrera egiten jarraitzeko. Izan ere, zuzendaritzako kideek sekulako lana egiten dute, baina ezin dute denera iritsi. Horregatik, harrobiko taldeen gimnasioko lanaz arduratzea eskaini zidatenean gustura onartu nuen proposamena. Aurten amaituko ditudan kirol ikasketekin lotura zuzena du, gainera.
Klubak egindako lan hori antzematen da herrian?
Esango nuke errugbia Zarautzen jende gehien erakartzen duen bigarren kirola dela, eskubaloiaren atzetik. Futbolak gurean ez du beste herri batzuetan duen monopolioa, eta gertatu izan zaigu bi taldeek partida ordu berean izatea, eta gure harmailak beteta zeuden bitartean, futbol zelaikoak ia hutsik egotea. Egia da, era berean, azkenaldian lortu ditugun emaitza onek asko lagundu dutela horretan. Irabazten duzunean errazago lortzen dira jarraitzaileak. Ondorioz, datorkigun erronka politari begira zaletuen indarra izaten jarraitzea espero dugu.
Zein da zuen buruari jarri diozuen helburua igoera faseari begira?
Bederatzi talde arituko gara guztira: lehen faseko multzo bakoitzeko hiru onenak. Itzuli bakarra jokatuko dugu, aurkari bakoitzaren kontrapartida bakarra, beraz. Bigarren itzuli horretako lau talde onenek finalerdiak eta ondoren finala jokatuko dituzte bi partidetara, eta garailea zuzenean igoko da. Txapeldunordeak, berriz, igotzeko bigarren aukera bat izango du lehen mailako azken aurreko taldearen aurka. Uste dut finalerdietara sailkatzea izan behar duela gure helburua.
Estatuko zonalde geografikoaren arabera banatzen dira lehen faseko multzoak eta gurean hirugarren sailkatuta gaude. Dena den, asteburuan irabaztea lortzen badugu, bigarrenak izango gara. Oraindik ez dakigu noren aurka arituko garen igoera fasean, baina ziurra dena da bidaia luzeak egin beharko ditugula.