Ikasturte berrian ere martxan da udalak eskaintzen duen sexu aholkularitza zerbitzua. Indibidualki nahiz bikoteka, sexualitatearen, afektibitatearen edota emozionaltasunaren inguruko kezkak eta zalantzak kontsultatzeko espazioa topa daiteke Zuberoa kaleko 22. zenbakian. Aitziber Estonba sexologoak, Harremanak enpresako kideak, eskaintzen du zerbitzu hori. Asteartero egoten da bertan, 17:00etatik 21:00etara. Bertaratzeko aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendagarria da, eta behar izanez gero, online, posta elektroniko bidez, Whatsappez nahiz sare sozialetako bestelako kanalen bidez ere eskaini daiteke aholkularitza.
Sexu aholkularitzaz gain, arlo bereko bestelako zenbait zerbitzu ere eskaintzen ditu udalak. Esaterako, hainbat gai jorratzen dituen Sexkulari programa eskaintzen zaie herritarrei. Ikus-entzunezkoak ikusgai daude erlotelebista.eus-en nahiz udalaren webgunean, eta laster bideo berria zintzilikatuko dute, haurtzaroko sexu abusuen inguruan.
Ikastetxeetan ere sexualitate heziketa lantzen dute enpresa beraren bitartez. Ikastetxe guztiek hartzen dute parte, LH 1etik Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino. Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, ikastetxeek programaren "balorazio oso ona" egiten dute. Estonbak ere aholkularitza eta heziketa programak enpresa berarekin egitearen garrantzia azpimarratu du, aholkularitza kontsultetara jotzen dutelako ikastetxeetan programak jasotzen dituztenetako zenbaitek. "Gurasoak eta gazteak etorri izan dira programaren inguruko galderak egitera. Horrek esan nahi du erreferentetzat gaituztela, konfiantza badagoela ikastetxearen aldetik", azaldu du Estonbak. Gaineratu du beste herrietan ez dagoela horrelako zerbitzurik, ez behintzat "horren osoa, eta hainbesteko loturarekin".
Perfil aldakorra
Aurreko urteko datuen errepasoa egin du Estonbak zerbitzua aurkezteko egin duten prentsaurrekoan. Azaldu du kopuruz ez direla asko igotzen kontsultak, baina perfila aldatuz doala. Aurreko ikasturtean 60 kontsulta izan dira denera. Emakumea gehiago izan dira gizonak baino, eta adin tarte nagusia 31 eta 50 urte bitartekoena izan da. Hasieran eskaera gehiago "haur eta gazteenak eta taldekakoak" zirela zehaztu du Estonbak, baina orain jendea "gai potoloagoekin" joaten dela.
Kontsultagaiei dagokienean, bikote harremanek dute pisurik handiena. "Elkarbizitza, komunikazioa, banatu ala ez banatu..." dira landu ohi dituzten gaiak. Horrez gain, sexu heziketatik bideratutako kontsultak eta gai erotikoak ere jorratzen dituzte.