Ostalaritzak eta merkataritzak bide publikoa erabiltzeari buruzko ordenantza berria onartu dute

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 27a, 15:20

Hasierako onespena eman diote araudi berriari, ostegunean eginiko udalbatzarrean. Terrazetako ordutegiak zeresana eman zuen bilkuran.

Hasierako onespena eman zioten atzoko udalbatzarrean ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek bide publikoa erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal ordenantza berriari. Proposamena EAJ eta Podemos-Equo-Berdeak udal alderdien aldeko botoekin egin zuen aurrera; EH Bilduko zazpi kideak abstenitu egin ziren, eta PSE-EEko bi ordezkariak, berriz, aurka agertu ziren. Aldeko agertu ez ziren bi alderdiek arrakalak ikusi zizkioten ostalaritzaren ordutegiari, batik bat, horrek zaratarekin bizilagunen artean sortzen duen arazoagatik.  

Ordenantzak funtsean helburu hauek ditu: ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduek bide publikoan egiten dituzten okupazioa arautzea, irisgarritasuna eta espazioaren paisaia balioa zaintzea, eta eragindako espazio publikoaren berezko erabilera bermatzea, irizpide argi hauetan oinarrituta:  ostalaritzako eta merkataritzako kalitatezko zerbitzuen harmonizazioa, antolamendua eta sustapena; espazio publikoan zer elementu jarri daitezken zehaztea, erabiltzaileen eta auzokideen artean bizikidetza hobetzeko; establezimenduei konponbideak ematea, oinezkoentzako ibilbideak errespetatu ahal izateko.  

Egun indarrean dagoen ordenantza 2013an onartu zela gogora ekarri zuen Xabier Txurruka alkateak, baina herritarren ohiturak aldatzen joaten direla denboraren poderioz. “Horrez gain, pandemia bat pasatu dugu, eta denok dakigu nola aldatu diren herritarren ohiturak aisialdiari eta  gainontzeko jarduerei dagokienez. Herriko merkataritza, turismo eta ostalaritzako sektoreak ere etengabe egokitu behar izan du egoera berrira”, nabarmendu zuen.  

Kalitatezko arreta zerbitzua eskaintzeko, merkatariek eta ostalariek “etengabeko berrikuntzan eta hobekuntzan oinarrituta” jarduten dutela gaineratu zuen alkateak, eta “nolabait ere, ordenantza hau egoera berri honetarako eta etorkizuneko helburuak finkatzeko asmoz landu dugu elkarlanean”, gaineratu zuen alkateak. Izan ere, jende aurrean egon da ordenantza hau, eta ekarpenak jaso dituzte, baina era berean bilerak egin dituzte herritarrekin nahiz merkatari eta ostalari elkarteekin. “Ostalaritzako eta merkataritzako zerbitzu jasangarriak bermatu nahi ditu, kalitatean eta errespetuan oinarrituta, merkatari, ostalari, eragile turistiko, eragile sozial, erakunde, herritar eta bisitariekin batera”.  

Ordutegiak eta zarata

Tabernek eta terrazek pandemia aurreko egoerara itzul daitezkeela egun gogoratu zuen PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek, eta beraz, “jendea establezimendu barrutan egon aukera dagoenez,  terrazako ordutegiak murriztu daitezke jada”. Horrekin batera, kutsadura akustikoaren azterketaren analisiari berriz heltzeko momentua dela iradoki zuen, “gaueko aisialdiak eragindako zaratak herritar askori eragiten diolako, Barren plaza edo malekoi inguruan bizi direnei, esaterako”.  

Horren harira, Ingurumen departamentutik landutako Zarataren Maparen barruan zehaztutako neurriak ekarri zituen gogora, batik bat, terrazen ordutegiei dagokiona. Gaur egungo terrazen ordutegiak  hauek dira: Alde Zaharrean eta malekoian, astegunetan 13:00ak arte eta asteburu nahiz jaiegunetan 02:00ak arte; eta herriko gainerako tokietan, astegunetan 12:00ak arte eta asteburu nahiz jaiegunetan 02:00ak arte. Egingo den murrizketa bakarra Barren plazan izango da: astegunetan 11:30era arte eduki ahal izango dituzte terrazak bertako ostalariek. “Ez da nahikoa, eta horrek ez du bizilagunen atsedena bermatzen orokorrean”, azpimarratu zuen Vazquezek.  

Ostalarien eta bizilagunen artean “oreka bat” lortu behar dela iritzi dio PSE-EEk, baina proposamenarekin ez dela lortu. EH Bildu ere oreka horren aldekoa da, “denon bizi kalitateari eragiten dion ordenantza” delako. Proposamenaren puntu askorekin bat egiten dute, baina ados ez dauden beste zenbait ere badirela arrazoitu zuen koalizioko bozeramaile Itziar Muruak. Zarataren Mapako neurri bakarra hartu dela kontuan berretsi zuen –ordutegiarena, alegia–, eta Barren plaza eta Patxiku kalean bakarrik aplikatuko dela: “Gune jakinak zehaztea ez dugu ongi ikusten. Egokiagoa iruditzen zaigu beste modu batera arautzea, egon daitekeelako egoera berean dagoen gune bat edo egoera batzuk, ordenantzan aipatu gabe geratzen direnak, eta gero arazoak ekar ditzakeenak”.  

Ordenantzak momentuko egoerari ez ezik, etorkizunean gerta daitezkeenak ere aurreikusi eta jaso beharko lituzkeela esan zuen Muruak, “guneak aldatzen” joaten direlako. “Egokiena litzateke izaera berezi hori aitortuko zaien eremuaren ezaugarrietan indarra jartzea eta horiek zehaztea”. Bestetik, ordenantza bera interpretatzeko, argitzeko eta garatzeko alkatetzari ematen zaion baimenarekin kritiko agertu zen, “baldintza edo irizpide zehatzagoak” jarri beharko liratekeela argudiatuz.  

Aitzitik, EH Bildu pozik agertu da Zarauzko espazio publikoan kontsumitzaileentzat jarritako informazio –menua, kartelak eta halakoak– euskaraz agertuko delako aurrerantzean. “Herritar asko kezkatuta geunden gaiarekin, eta guk proposatutako ordenantzan jaso da. Jendeak oso barneratuta dauka gaztelaniaz edo ingelesez ikustea, beraz, lanketa bat egin beharra dago euskararekin. Garrantzitsua da pauso hau ematea dendariekin eta ostalariekin”, nabarmendu zuen koalizioko ordezkariak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide