Sasoi eta erronka berriak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ira. 16a, 09:43

Ostolaza eta Arruti, Lizardi kirol pabiloi berrian. (Amaia Urbieta Arruti)

Asteburu honetan hasiko du liga Aiala eskubaloi taldeak, Zaragozan. Amenabarrek, berriz, bajen ondorioz ia berria den taldearekin helduko dio denboraldiari hurrengo asteburuan.

Liga hasi aurreko azken entrenamenduetan murgilduta dabiltza egunotan Zarauzko eskubaloiko bi talde nagusiak. Iragan asteburuan partida ofizial bana jokatu badute ere, asteburu honetan helduko diete Zilarrezko Ohorezko Mailako partidei Aialakoek Zaragozan (Espainia), eta hilaren 25ean, berriz, Amenabarrekoek, Alcobendasen (Madril, Espainia). Nahia Arruti Aialako jokalariak eta Paulo Ostolaza Amenabarreko atezainak aurtengo denboraldiari begira dituzten berrikuntzak eta erronkak aletu dituzte. Urte asko daramate biek eskubaloian, eta betiko grinarekin egingo diote aurre sasoiari.

Urteroko moduan, hainbat jokalarik alde egin dute eta berriak etorri dira bi taldeetara. Zentzu horretan, aldaketa handia nabarituko dute Amenabar taldekoek; izan ere, aurreko sasoian aritu ziren bederatzi jokalarik ez dute jarraituko aurtengoan. Gehienek kirolaz gaindiko arrazoiengatik laga dute taldea; Mikel Amilibia da salbuespena. Jokalari oriotarra Islandiako talde batek fitxatu du, eta bertako ligan ariko da datorren denboraldian. Jarraituko ez duten gainontzekoak honako hauek dira: Mikel Iraeta, Ander Adarraga, Jokin Jimenez, Xabat Olaizola, Eneko Goenaga, Ander Eizagirre, Julen De Carlos eta Josu Atorrasagasti. Nolabait esatearren, desegin egin zaie orain arteko taldearen blokea Amenabarrekoei. Horrez gain, Eskubaloi Saileko zuzendaritza berriak etxeko jokalarien aldeko apustua egitea erabaki du, eta ez du fitxaketarik egingo Amenabarrek. Taldea jubenil mailako hainbat jokalarirekin eta bigarren taldetik igotakoekin osatuko dute; besteak beste, talde nagusiaren atea zaintzera itzuliko da Fausto Berazadi beteranoa, hainbat urteren ondoren. Hori horrela, ez du lan makala izango Hugo Sanchez entrenatzaileak jokalari gaztez betetako talde berria egituratzen eta egonkortzen. 

Aialan ere izango da aldaketarik jokalarien artean. Haizea Aldalur eta Oihane Bautista atezainek ez dute jarraituko –azken hori Bera Berarekin jardungo da–, eta Ainhoa Albizuri itzuliko da Aialaren atea zaintzera. Harekin batera ariko da June Aretxaederra jubenila ere. Gainontzean, Maialen Urrestik, Lide Gonzalez Txabarrik, Nerea Arregik eta Izei Permachek ere ez dute jarraituko taldean; Permach Barakaldoko Zuazo taldeak fitxatu du. Leire Furundarena usurbildarra itzuliko da taldera, eta Maddi Usandizaga, Ugazi Manterola eta Miren Garate jubenilak ere Aialarekin ariko dira zenbait partidatan. Entrenatzaile lanetan, berriz, Mikel Alzaga usurbildarra jardungo da. 


Helburu ezberdinak


Bi taldeak Zilarrezko Ohorezko Mailan badabiltza ere, hastear den denboraldirako oso xede desberdinak dituzte Aialak eta Amenabarrek. Emakumezkoen ligan, sailkapenaren goiko aldean ibili ohi da Aiala azken urteetan, baina Ohorezko Mailarako jauzia oso-oso handia da. Izan ere, hamalau taldek lehiatzen dute Ohorezko Mailan, eta zilarrezkoa, berriz, hamalau taldeko lau multzok osatzen dute. Arrutik azaldu duenez, ordea, Espainiako Federazioak bi mailen arteko beste liga bat sortzeko asmoa du 2022-2023 denboraldirako. "Hori horrela bada, inportantea izango da guretzat aurten goi samarrean geratzea, erdi mailako liga horretara igo ahal izateko. Orain arte horrelako emaitzak izan ditugu, baina, aurtengo bajekin-eta ikusteko dago ea hor ibiliko garen", dio Arrutik. 

Amenabarren kasuan, berriz, mailari eustea izango da aurtengo helburu garbia. Azken urteetan ere salbazioa izan dute xede eta, ahal balitz, sailkapenaren behealdean ez geratzea. "Aurten espektatibak direnak dira, eta hortik aurrera egiten dugun guztia ongietorria izango da". Erronkak bestelakoak diren arren, "ilusioz" dago Ostolaza atezaina denboraldiari ekiteko, eta azaldu du "motibatu" egiten duela aurtengo abiapuntuak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide