Hamalau urte besterik ez nitian orduan. Hamalau urte gordin, umotu gabeko urte urrun ahaztezinak. Azkar erantzun hien nire hitz lotsatiei: "ni ez naun hire aitona, ez zaien lagunei
zuka hitz egiten! Niri hika!". Hitz magikoak izan zituan haiek, zalantzarik gabe, bi hitz nahikoak izan zirelako harremana laguna-ren parametroetan finkatu eta xedatzeko. Edozein astronauta ez den bezala, laguna ere gutxi batzuek eskuratzen duten izendapena baita, banako gutxik erdiesten duten altxorra.
Irudimenezko mundu bat erakutsi hidan: izozkailuaren estalkia gainditzen zuten txibien haginak, putzu-zuloetatik irteten ziren olagarroen erro kiribilak, ametsetako ipuin eta fabula harrigarriak, "konparazion konparando... hi haizela mando...".
Ez dituk urte errazak izan, Balentin, hori ere onartu beharra zagok, baina ez diagu adiskidetasunaren bidean belarrik hazten utzi. Izan ditiagu arrosak oparitzeko hainbat aukera; ez gaituk, hala ere, itxurakeriatan erori, arantzak kentzera mugatu gaituk, mina eragiten zuten elorriak erauztera. Ez diagu, hala eta guztiz ere, oinazea errotik ateratzea lortu, ez gaituk nahigabea, erabat, zuztarretik suntsitzera iritsi. Baina elkarren bihotzean aztarrika egin diagu, penaz hustu eta su txiki bat egiteko bertan, gogoa goxatzeko, larrialdia baretzeko, aro berriek sortzen duten egonezina ulertzeko.
Negarrez amaitu genian azken eztabaida, pentsatutakoak aurpegiratzen, batak besteari norbere egia txertatu nahian, gure norberekeriaren burdin goriaz bestea markatzea helburu, arrazoiaren muina oso partekatua dagoela ohartu gabe, egia osoak jaberik ez duela ikusteko itsu. Ez ditiat hire azken hitzak ahaztuko, "ez naun hirekin haserretuko...", eta ezin hire azken besarkada ahantzi, ezta isilik nahi hituen pentsamendu ahoskatuen oihartzuna ahaztu ere:
"maite zaituztet, biok..., asko maite zaituztet...".
Dagoeneko ariko haiz zeruko festak antolatzen, Juan Luisekin batera marmitakoa prestatzen, hemen utzitako zuloaz konturatu gabe. Hire itxaferoen soinua entzungo diagu iparreko trumoiak jotzen duenean, eta gu, lurtar ziztrin, tximista-zarataren zain egongo gaituk, Getariako Salbatore jai bakoitzean.
Kostako zaiguk hire falta irenstea, hire gabeziaren hutsunea berdintzea, hire umore-indarraren pareko dardara gorputzean berriz sentitzea. Ezin, ordea, amore eman; begietako negarrak ez diezagula hik utzitako alaitasuna inoiz zapuztu!
Maite Arruti Arakistain eta Sergerako lagunak