Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero utzi izan dio Zarauzko Udalari Etxe Txikia, bertan Neguetxea atontzeko. Hala, negu partean etxerik ez duten pertsonek gaua pasatu ahal izan dute bertan. Caritasek sortu zuen proiektua eta berak eman zuen zerbitzua aurreneko hiru urteetan. Ondoren, Rais gobernuz kanpoko erakundea arduratu izan da.
Aurten, ordea, ez dute zabaldu Neguetxea. Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak HITZAri azaldu dionez, "pena izugarria" ematen dio, baina ezin izan da martxan jarri zerbitzua. Aurten ere "baimena emateko prest" zegoen aldundia, baina "hainbat faktorek" eragin dute zerbitzua bertan behera gelditu izana.
Batetik, aldundiak Mapa Soziala diseinatu du, eta hainbat irizpide jaso ditu bertan. Udalak eta mankomunitateak irizpide horiek txertatzen ari dira, eta Vazquezen hitzetan, "ikusi da honelako zerbitzuak mankomunitateek kudeatu behar dituztela". Ordea, gaia "geldirik" dago Urola Kostako Udal Elkartean.
Bestetik, "ez da ikusten egungo tokia egokia denik Neguetxearentzat, eta zailtasunak egon dira toki egokia aurkitzeko denon artean [udal elkartean]". Gainera, Vazquezek jakinarazi du Monte Albertia ikastetxeak erabiliko duela aurrerantzean orain arte Neguetxerako erabili den espazioa.
Azkenik, Rais erakundeak erabaki du gehiago ez kudeatzea Neguetxea, "hemendik aurrera pisu tutelatuetan egingo duelako bere lana, ez aterpetxeetan".
Vazquezek zehatzago azaldu ditu puntu guztiak:
Mankomunitatean, "gaia geldirik"
Urola Kostako Udal Elkartean bilera egin zuten Mapa Sozialaz, eta tartean Neguetxeaz aritu ziren. "Nik defendatu dut zerbitzua ematen jarraitu behar dela, eta Zarautzen kokatu behar dela, herri egokiena delako: herri handiena da eta ondo komunikatuta dago. Hori garrantzitsua da, erabiltzaileak pertsona ibiltariak direlako; hau da, ez dira toki berean gelditzen".
Vazquezen arabera, "uda baino lehen konpromisoa hartu zuten gaia lantzeko Urola Kostako Udal Elkartean, baita pleguak egiteko eta aldundiari eskaera egiteko ere, baina gaia hor gelditu da, ez da inor mugitu".
Rais erakundeak ez du jarraitu nahi
Rais gobernuz kanpoko erakundeak eskaini du zerbitzua azken urteetan, baina aurten plegu berriak egitea tokatu da Zarauzko Udalean, eta Rais-ek, bere aldetik, erabaki du ez jarraitzea, "beste bide bati heldu diolako". Vazquezek azaldu duenez, "erakundeak hausnarketa egin du, eta erabaki du etxebizitzak bilatzea behar larrian dauden herritarrentzat, aterpetxea partxe bat delako eta pertsona horiei gizarteratzen lagundu behar zaielako".
Monte Albertia toki faltan
Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu duenez, "beti arazoak egon izan dira Neguetxearekin, hor ondoan dagoelako Monte Albertia ikastetxea, eta eremu txiki batean hainbat erabilera zeudelako. Aldundiko teknikarien aldetik beti kexak egon izan dira, Monte Albertiatik kexak daudelako".
Vazquezek azaldu du ikastetxea txikia denez eta jangelarik ez dutenez, Neguetxeko gela erabiltzen dutela jantokitzat bazkaltzeko. "Horrek berak Neguetxearen funtzionamendua oztopatzen du". Izan ere, Vazquezek egun osoko zerbitzua eskaini nahi zuen, ez bakarrik gauez. "Beti arazoak egon dira erabilera aldetik. Planteatu genuen irtenbide bat, hesi bat jarrita Neguetxea mugatzeko, baina orduan ikasleek ezingo lukete erabili".
Azkenean, erabaki dute ikastetxeari uztea Etxe Txikia: "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza delegazioak eta baita Zarauzko Udalak ere ikusi dugu aukera egon daitekeela etxetxo hori Hezkuntza departamenduari uzteko, Monte Albertiarentzat toki gehiago egon dadin".
Aurten, zer?
Vazquezek azaldu du Udaltzaingoak martxan duela hotzari aurre egiteko protokoloa iaztik. Hala, negu partean tenperatura oso baxuak iragarrita daudenean, zeroz azpikoak, "gauez herrian bueltaka ibiltzen dira udaltzainak, eta norbait ikusten badute kalean lo egitera doana, herriko ostatu batera gonbidatzen dute gaua pasatzera".
Bestalde, Vazquezek jakinarazi du Gizarte Zerbitzuetatik udalaren etxebizitza bat prestatua dutela, zailtasunetan egon daitezkeen herritarrei eskaintzeko. "Jada erabiltzen ari da etxe hori pertsona bat. Ez zegoen kalean, baina bai egoera txarrean, etxerik gabe zegoelako, eta beste pertsona bat ere sartzekoa da etxean".
Gizarte Zerbitzuen zinegotziak aurreratu duenez, proposamen bat ari da lantzen herrian beste toki bat egon dadin zerbitzua eskaintzeko, eta agintaldi honetan nahi luke aurkitu toki hori. Gainera, "Mapa Sozialak agintzen duen bezala, nahi nuke urte osoan zabalik egotea bai egunez, bai gauez, eta uste dut mankomunitateak kudeatu behar lukeela".
Vazquezek argi du aterpetxeen gaia modu integralean landu behar dela eta ez dela herri baten edo bestearen arazoa, eta kudeaketak ere ez duela izan behar herri mailakoa, "baizik eta herrialde mailakoa edo, agian, EAE mailakoa".