Dena da politikoa

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko mai. 28a, 00:00

Dena da politikoa», irakurri du militante bozeramaile edo bozeramaile militante baten ahotan, xurgagailua arreta handirik gabe pasatzen ari dela. «Dena da politikoa: zein harreman dauzkazun, non erosten duzun, zertan pasatzen duzun aisialdia... Denok egiten dugu politika, egunero». Bozeramaileak arrazoia daukala pentsatu du, eta segituan nekea etorri zaio. Ez dira hainbeste urte berak ere aldarrikapen berbera egiten zuenetik. Egunerokotasuna koherentziaren etengabeko bilaketa bat zen orduan, baina urrats bakoitzak zeukan ifrentzua, arduragabekeriaren erru sentsazioa zekarkiona. Supermerkatura? Salbuespenetan soilik, ez baita batere ekologikoa. Urrutira oporretara? Pribilegio zuriez kontziente izanda soilik. Arratsaldeetan yogako klaseetara? Kapitalismoak eragindako antsietateetarako ihesbide indibidualista are kapitalistagoa.

Gauez, First Dates ikusten zuen, topa zezakeen saio kitsch, patriarkal eta erromantikoena: hura zen eguneko bere oporralditxo mentala. Beste batzuek futbolarekin egiten duten antzera, beharrezkoa zuen zerbaiti (arras politikoa izanik ere) ez-politikotasuna aitortzea.

Dena da politikoa, bistan da: erabaki bakoitzak dauka inplikazio kolektiboren bat, beti dago botere harreman bat atzetik. Dena aspektu politiko horrek baldintzatuta egin behar ote dugun? Zalantza handiagoak dauzka gaur egun. Areago: dena politika bada, ez ote dago arriskua erabaki indibidualen erantzukizuna gaindimentsionatzeko, eta botere handiena leuntzeko? Beste era batera esanda: Mercadonan plastifikatutako oilaskoa erosten duenari ulertarazi behar ote zaio berak egiten duena eta Jaurlaritzako aurrekontuak diseinatzen dituztenek egiten dutena politika bera dela? Erabateko koherentziaren bilaketa pertsonal horrek ez ote du bat baino gehiago erre? Agian, arinkeria apur bat baimentzea ere bada buruko osasuna zaintzeko modu bat. Eta hori ere bada politikoa, ezta?

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide