Erosteko prest gaude

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2021ko mai. 14a, 00:00

Amaitu da alarma egoera. Zabaldu dira kontsumo aukerak eta desagertu da koronabirusa. Ez aipatu ZIUak. Indarrean zegoen araudiarekiko inolako atxikimendu sozialik ez zegoenez, bozkarioz hartu du hainbatek neurri aldaketa, ikuspegi epidemiologikotik hilgarria izan daitekeela jakin arren.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak atera berri du COVID-19aren kudeaketa globalari buruzko ikerketaren ondorioa: kalte handiena saihets zitekeen, beste neurri batzuk hartuz gero. Politika lokalista zalantzatiek eta «ikus dezagun lehenbizi» jarrerak autobide bat zabaldu zioten birusari, artean bidea eteteko aukera zegoenean.

Modu asko zeuden, eta daude oraindik, pandemiari aurre egiteko. Konparazio baterako, astebete Alemanian pasatu behar izan dugu, turismotik oso bestelako arrazoi batek bultzatuta. Zazpi egunetan beste hainbeste antigeno test egin ditugu, nonahi eskaintzen baitizkizute: herritar orok eskubidea du astean bat doan egiteko, farmazietan edo proba zentroetan. Supermerkatuetan saskiak bete test dituzte eskura, lau euroan hasita; ohikoa bihurtu da senideak bisitatu aurretik edo dendetara hitzorduarekin sartu aurretik antigeno azkar bat egitea. Maskararen erabilera eremu itxietan soilik da derrigorrezkoa, ez kalean; baina ostalaritza eta zinemak itxita daude. Etxetik egin daitezkeen lanak hala egin behar dira legez. Poliziarik ez dugu ikusi ezer kontrolatzen.

Hango senide eta lagunek harri eta zur entzuten ziguten, Euskal Herriko toki batzuetan kalean ahoa estalita eraman behar dela baina gero taberna barruetan kontsumi daitekeela azaltzen genienean. Ez inbidiaz, sinesgogor baizik: «Baina hain ondo al dago hango kutsatze tasa?». Irri mingots batekin erantzuten genien: ez. Neurri asko inkoherenteak dira. Horregatik ez daukate ia inoren babesik. Horregatik da uneotan hain salmenta errentagarria askatasun pertsonalaren promesa.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide