Iraganeko basakeriak publikoki oroitzeak zein helburu du benetan? Sufritu zutenen samina omentzea? Trauma bat, bederen, partekatzen dugula gogoraraztea? Ez du erraza izan behar memoriazko politikak egitea, min pertsonalak eta kolektiboak gurutzatzen diren puntu horri buruz zerbait errelebantea esatea, hankarik sartu gabe: gertakaria zenbat eta urrunago egon, errazagoa da fribolizazioan erortzea. Alta, batzuetan zuhurragoa litzateke ezer ez esatea.
Aste honetan 84 urte bete dira Gernikako bonbardaketatik. Eguna oroitzeko, Picassoren margolanaren txokolatezko erreplika handi bat inauguratu du Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak.
(Agian, noizbait azken esaldi hori berrirakurriko dugu, eta une horretan zer gizarte mota ote geneukan galdetuko diogu gure buruari).
Omenaldiak eta urteurrenak ekintza sinbolikoak dira, eta, beraz, esanahiren bat daukate beti. Gertatu zen horri buruzko zure narratibatxoa berreraikitzeko aukera bat dira, norberak erantsi nahi dizkion emozio, konnotazio eta balorazioekin. Zer esan nahi ote ziguten Gernikari buruz ekitaldi harekin? Hobe genukeela historiaren bertsio gozo batekin geratu? Aspertuta daudela trauma eta samin bezalako hitz astunez, eta badela garaia kontuari beste begi batzuekin begiratzeko? Edo, besterik gabe, «grazia» zeukala iruditu zaielako egin dutela? Grazia egingo liguke gozokizko Hipercor txiki batek?
Sinbolismoaz ari garela, Jaurlaritzako Garraio sailburuak aitortu berri du AHTaren kilometroak ez zituztela kalkulagailu eta erregela batekin kalkulatu, «bihotzarekin» baizik. Pasio handiz kalkulatu ere; hainbeste, ezen 2027rako amaituko duten ere ez baitakite. Lagunok, hori da bizitza osorako maitasuna.
Trenbideak bihotzarekin eraiki nahi dituzte, memoria azukrez transmititu. Martxa honetan, inora ez garamatzaten errailez eta ezer ulertzeko balio ez duten sinboloz betetako herri bat geratuko zaigu.