Herritarren ehuneko hainbestek dio egoera politiko egonkorragoa nahi dutela. Antzeko titularrak irakurtzen ditudanero, ehuneko horien atzean erantzuten ari diren pertsonak irudikatzen saiatzen naiz. Autobusean doazela ari ote dira inkestari erantzuten, haur bat alboan marru betean daukatela? Edota erantzunak pentsatzeko astia eskatzen ote diote inkestagileari? Edota, hurbileko batek duela gutxi aitortu zidan moduan, «egia erdiak» erantzuten ote dituzte propio, inkestagileak harrapatzen ote dituen ikusteko?
Ba ez, niri ez didate sekula galdetu egoera politikoaz. Bi aukera: ez naiz lagin errepresentatiboa, edo hain errepresentatiboa naiz, non beste edonori galdetuta ere emaitza bera aterako litzatekeen.
Baina galdetuko balidate, mugimendu pixka bat eskatuko nioke egoera politikoari. Ez italiar edo libanoar estilora, baina sikiera ezustekoren bat tarteka, Teleberri ikusten jarraitzeko bada ere. Marina Udgodskaia bat, noizbehinka.
Errusiako Povalijino herriko udaletxeko langilea zen Udgodskaia, Moskutik 300 kilometro ipar-ekialdera. Han, betiko alkatea izan zen udal bozetara aurkeztu zen bakarra. Demokrazia itxurosorik geratu ez zitzaiola ohartuta (eta legeak gutxienez bi lehiakide eskatzen dituenez bozak baliozkotzat jotzeko), udaletxeko garbitzaileari eskatu zion aurkari gisara aurkez zedin. Berdin eska ziezaiokeen bere etxeko tostagailuari edo kaleko postontzi bati: Marina Udgodskaia ez zen aintzat hartzeko moduko lehiakidea alkatearen buruan. Ez zuen, ordea, herritarren aspermen maila ongi kalkulatu, eta hauteskunde egunean barrutiko botoen %66 bildu zituen Udgodskaiak, inolako kanpainarik egin gabe. Ordutik, bere herriko alkate da, munduko desertu politikoentzako gogorarazpen modura.
Spoiler: Udgodskaia da orain alkate, baina alkate ohia ez da udaletxea garbitzen hasi.