Martxoaren 8ak badu kontraesan bat: «bizitza erdigunean!» jartzeaz gehien hitz egiten dugun astea, egiaz, urteko asterik higatzaileenetako bat izaten da feminista askorentzat. Alde batetik, bistan da, ospakizunerako, memoriarako eta borrokarako data sinbolikoak direlako, eta horren antolaketan aritu nahi dugulako. Baina, horrez gain, bada egun hauen beste alderdi bat, agian ez datorrena hain bat M-8ko espirituarekin: udalek, kultur programatzaileek eta komunikabideek data hauetan kontzentratzen dituzte feminismoari eta generoari buruzko euren jarduera gehienak. Horrek ez dauka berez ezer txarrik, baina ondorio kaltegarri bat ekarri ohi du: bestela ere aldarrikapen egunotarako lanean leudekeen pertsona askok horretara ematen dituztela euren energiak eta denbora. Galde diezaietela, bestela, nola daukaten agenda asteotan ikastaroak edo hitzaldiak ematen dituzten feministek, bertsolariek eta idazleek.
«M-8a urte osoan» dela esaten dugunean, ez gara ari soilik salatzen apirilaren 1erako desagertzen direla esfera ofizialeko kutsu more guztiak. Generoari buruzko eskaintza oro data hauetan kontzentratzeak, sarritan, feministak eurak sakabanatzen eta bakartzen dituela ere ohartarazten ari gara.
Jakina: talde feministek ere egitarau sendoak antolatzen dituzte garaiotan; azken batean, euren hilabete handia da martxoa. Baina gauza bat da programok kolektibotasunetik antolatzea, lanketa jarraitu baten barruan, eta beste bat, ekitaldiak soilik urtean behin, modu sinbolikoan, unean uneko fokuaren arabera atontzea. Eta ez diot erakundeek ez dutenik era horretako ekitaldirik eskaini behar; alderantziz, urteak beste 51 aste dauzka pedagogiazko eta dibulgaziorako hitzaldiak antolatzeko, eta hor egongo dira diziplina askotako feministak, parte hartzeko gogoz. Baina, agian, M-8ko astea ez da egokiena pertsona horiek batetik bestera ibiltzeko, bakartuta eta euren taldetik urrun: M-8a, batez ere, borroka kolektiboan aritzeko astea da.