Aitorpena

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2020ko urt. 17a, 09:00

2020a ondo hasiko zela uste genuenean iritsi da albiste mina: ez dugu Borja Senper gehiago ikusiko kanpainetako bideoetan. Beraz, eta une aproposagorik ez dudanez topatuko, aitortza bat egin nahi nuke orain: azken urteotan euskal politikagintzan interes bizienarekin jarraitu dudan —obsesiboki ere esan lezake norbaitek, baina nork behar ditu egia zehatzegiak?— pertsonaia da Senper. Lagun artean ere sarri aipatu ditugu PPren markaren gainetik surfeatzeko bere ahaleginak: «Ez da politika, Donostia da». Ez da PP —zaharruno, nazionalista, katolikoa—, ni naiz —gazte, guapo eta kosmopolita—. Eta uste zenuten zuek zinetela multikulturalak. Ez dakit zehazki nondik datorren faszinazioa. Agian, arrazoia da Euskal Herrian ez gaudela ohituta jite horretako politikarietara, kasik antzerkietako pertsonaia entseatuen gisara funtzionatzen dutenetara. Funtzio bat betetzen baitute. Xelebre eta guapo fama horretan zetzan Senperren arriskua: PP humano bat irudikatu asmo zuen. Alderdiak Donostian lortutako 10.000 botoetako batzuk ere hortik etorriko ziren: inguruotan apenas eroslerik badaukan marka bat saltzeko modu inteligenteena da produktua ezkutatu eta saltzailea nabarmentzea.

Egia da, gero, haren keinuei erreparatzea aski zela azpiko nazionalistatxo espainola antzemateko. Interneteko amodioek ere alde horixe dute okerrena: gure buruan irudi bat eraikitzen goazela, baina gero abusu polizialez hizketan hasten zarenean ikusten duzula bestea borren oso zalea dela. Tira, ezin dena eduki: PPko batek oinarrizko eskubideen zale itxura ematea eta, gainera, izatea, 2020ari gehitxo eskatzea da oraindik.

Hala ere, nik defendatuko dut Senper pertsonaiak euskal politikara ekarri duen irekiera: gutako askori lehenbiziko aldiz otu zaigu PPko guap(o)ekin oheratzeko aukera. Garai berriek horretarako ez badute balio, nahiko garai berri eskasak iruditzen zaizkit.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide