Asteazken gaua Bilboko etxe partekatu batean. Felix, bioteknologiako ikerlaria, platera magalean eseri da sofan, teleberriarekin afaltzeko asmoz. Etxe honetan bizitzea etengabeko déjà vu-a zaio azkenaldian: izebaren batengandik jasotako besaulki zaharkituak, Ikeako 10 euroko mahaitxoa... 18 urte zeuzkanetik toki eta modu berean bizi dela iruditzen zaio. Baina orain ia 30 dauzka, eta tartean gutxienez bost mudantza egin ditu.
Adiskideek bizitza autonomo samarra dute; batzuk bikotean bizi dira, umeren bat ere badago kuadrillan. Felixi berdin zaio: onartuta dauka bere karrerak beste erritmo bat daukala. Gainera, ezingo da kexatu: tesia egiteko doktoreaurreko beka bati esker, ikerketan jardun dezake. Hilean 896,66 euroko soldatak ez du ematen apartamentu oso bat ordaintzeko, baina tira; gaur-gaurkoz, ez luke beste modurik izango bere sektorean aritzeko.
Asteazken gau honetan, berriro eten dio albistegia EITBren karitatezko maratoiari buruzko erreportaje batek. Jendea gogo onez ari da bere poltsikotik minbiziaren ikerketarako dirua ematen, eta are gogo biziagoz saiatzen dira Lau Teilatu egokiro entonatzen. Felixek ez dauka horren inguruko iritzi garbirik; abestiren bat aukeratzekotan, gehienok desafinatuko ez genukeen bat aukeratu zezaketela pentsatzen du. Telebista itzaltzeko bulkada sentitu du, ordea, agintari politikoak ere pantailan ikusi dituenean; Urkullu txistua jotzen eta Urtaran bizikleta estatikoari gogorik gabe pedalkadaka, elkarren bufanda txuriak zelan ote dihoazen galdezka, osasungintza eta ikerketaren sektoreak —eta bertan lan egiten duen jendea— zaintzea ez balitz bezala euren lana, euren funtzio eta ardura nagusia.
Kanala aldatu aurreko segundoan, lehendakaria pantailatik begira ari zitzaiola iruditu zaio bioteknologiako ikerlariari, abisatzen ariko balitzaio bezala: ai Felix, Felix, bihar berriz egongo gara kolektiboki desafinatzen, eta bitartean jarrai ezazu gorantz begira, zeren diru gabe, baina jendearen karitatezko asmo onak behintzat zurekin daude.