'Manada'-k ez dira zabaltzen

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2019ko aza. 22a, 00:00

Azaroaren 25a badator, eta harekin, indarkeria matxistari buruzko mezuak, askotariko forma eta konnotazioz kargatuta: mezu feministak, instituzionalak eta, noski, mediatikoak. Haien artean, nahi baino sarriago, «taldeko bortxaketen fenomenoari» buruzko erreportajeak. «Zabaltzen ari den joera» bezalako titulu sentsazionalistekin, biolentzia matxista bere forma oso zehatz batera mugatzen duten narrazioak eskaintzen dizkigute: espazio publikoan gertatzen diren erasoak, egile batekin baino gehiagorekin, eta, oro har, gazteak direnekin. «Hedatzen ari den fenomenoa» deitzen diote, pinuen epidemiaz ari bagina bezala: kontrola ezin daitekeen gaitz bat, jatorri zehatzik ez daukana. Sistemaren akats bat, finean: oro har osasuntsu dagoen gorputz batean sartu eta hedatu den birus bat.

Bistan da fenomeno horrek ezer gutxi daukala berritik, eta are gutxiago fenomenotik. Kontua ez da gizonak bat-batean ohartu direla taldean errazago mendera ditzaketela besteak: gizarteak bizitza osoan irakatsi die hori. Arazoa da orain errelato bat dagoela atzetik, era horretako albisteak zuzenean gure erretinaren atzealdera katapultatzen dituena: aski da Manada ahoskatzea, indarkeriari buruzko narratiba oso zehatz bat aktibatzeko.

Biolentzia natur hondamendi edo epidemia batekin alderatu ordez, hobe genuke haren osagai sozialetan jarriko bagenu arreta. Taldeko erasoei buruz hitz egin nahi dugula? Ados. Mintza gaitezen, bada, eraso gehienek daukaten taldetasun-faktoreaz: tabernetako pasilo ezagunak, jendaurreko umiliazioak, ingurunearen konplizitatearekin egiten diren fitxa-sartze intimidatzaileak, familiek etxeko bakearen izenean isiltzen dituzten bortxaketak... Eta, begirada zabalduta, erasoak ez ote dira gertatzen, hain zuzen ere, kolektibitateak —gizarteak— luzaroan ahalbidetu eta, sarritan, naturalizatu dituelako? Beraz, zeri buruz ari gara taldeko erasoei buruz ari garenean?

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide