«Giza eskubideen urraketa bat izan da, argi eta garbi»

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2017ko urr. 3a, 00:00

Danimarkako parlamentari sozialdemokrata da Lars Aslan Rasmussen (Kobenhavn, 1978). Katalunian izan da egunotan, nazioarteko behatzaile gisa.

Nola deskribatuko zenuke atzo ikusi zenuena?

Eroa izan zen. Nire aita kurdua da, eta honek Turkia gogorarazten zidan, han ikusten nuen indarkeria poliziala; Europaren ordez, [Recep Tayyip] Erdogan ekartzen zidan burura [Turkiako presidentea]. Ez zenuke halakorik esperoko Espainian; oso tristea da. Jendea bozkatzen ikusi nuen, eta Polizia jendeari tiroka eta hura egurtzen. Leku batzuetan ongi zegoen egoera; besteetan, ez. Ez nenbilen indarkeria bila, baina Bartzelonan, bi unetan ikusi nuen Polizia esku hartzen: bata Barcelonetan izan zen, eta bestea, erdialdean. Herri batean ere etorri zen Polizia, baina ez dut uste inor jo zutenik. Edozein kasutan, ez da espero edo onartuko genukeen zerbait.

Nazioarteko behatzaileok han egoteak eraginik izan zuen?

Ez. Leku batzuetan, han geundela baldin bazekiten, akaso ez ziren etorriko. Baina oro har uste dut ez zekitela; eta badirudi Espainiako Gobernuari ez zitzaiola axola.

Nola eragingo dio atzokoak nazioarteak Kataluniaz daukan irudiari?

Hainbat irudi harrigarri ikusi genituen. Danimarkan, orain, jende askok daki zer gertatzen den Katalunian eta zergatik eskatzen duten autodeterminazio eskubidea. Atzo arte, jendeak bazekien zerbait, baina Katalunia, batez ere, testuinguru historikoagatik zen ezaguna: danimarkar askok hartu zuten parte Espainiako Gerra Zibilean. Azken urteotan ere tarteka ateratzen zen hedabideetan, baina atzoko indarkeria gauza berria da daniarrentzat. Eta hori sare sozial eta hedabideetan suma zitekeen. Espainiak oso irudi txarra eman du: Polizia, jendea arrastaka bozkalekuetatik ateratzen. Ez duzu ezker muturrekoa izan behar ikusteko zerbait oso gaizki doala.

Europak zergatik ez du erreakzionatu orain arte?

Galdera ona da; ez dakit. Baina ikusten dut jendea ari dela erreakzionatzen orain. Ni sozialdemokrata naiz, baina beste alderdietako jendea ere ari da esaten indarkeria gehiegizkoa izan dela eta onartezina dela. Ikusiko dugu datozen egunotan horrek ze adierazpen hartzen duen. Danimarkako parlamentari batzuek abiatu genuen sinadura bilketa bat, katalanen boto eskubidearen alde; baina Espainiak protesta egin zion parlamentuko ganberari. Gure gobernutik, oraingoz, ez dugu erreakziorik jaso.

Katalunia Espainiaren «barne arazo bat» dela esango zenuke, Europako Batasunak dioen moduan?

Ez. Uste dut ongi dagoela beste herrialdeetan gertatzen denari buruzko iritzia edukitzea; nik neuk ere Turkian gertatzen denaren berri eman izan dut, Danimarkan bizi arren. Zerbait oker badoa, horri buruz hitz egin behar da, eta atzo neure begiez ikusi nuena giza eskubideen urraketa bat izan da argi eta garbi. Horixe da behatzaileen iritzi orokorra.

Nola lagun dezake Europak?

Beti lagun lezake estatuari presio egiten esanez indarkeria onartezina dela, eta akaso irtenbideren bat eskaini Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkarako. Oso garrantzitsua da onartzea botoa emateko eskubidea dutela. Groenlandia eta Faroe Uharteak ditugu guk, eta ez genuke inoiz halako indarkeriarik erabiliko.

Danimarkako Alderdi Sozialdemokratako kide gisa, badituzu loturak PSOErekin. Zer irizten diozu gai honetan duen jarrerari?

Oso dezepzionatuta nago haiekin, ez direlako ezer esaten ari, eta saiatzen direlako argudiatzen hau guztia katalanen errua dela: indarkeria dela gobernuaren jokabidearen ondorio. Ulertu dezaket zergatik diren sozialdemokratak horren alderdi txikia hemen -eta tristea da, alderdi handiena izan ohi zirelako-: ez daukatelako konexiorik herritarrekin.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide