Legearen inperioa» ez errespetatzea egotzi die Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententziak A-9ko galdeketaren antolatzaileei. Gatazka politiko bat baldin badago, Auzitegi Konstituzionalari omen dagokio hura ebaztea. Ez herritarren zati handienak bozkatutako gobernu bati, ez gizartearen aniztasuna ordezkatu behar duen parlamentuari; ezta, finean, euren etorkizuna libreki eta bitartekaririk gabe erabaki nahi duten herritarrei ere. Espainian, legearen enperadoreei dagokie. Dagoeneko jakingo ez bagenu bezala noren alde jokatzen duten auzitegiek.
Zorionez, Kataluniako epaiaren egun berean jakin dugu Eskoziako Gobernuak erreferendumera deituko duela 2018 eta 2019 artean: independentziari buruz galdetuko duela; ez behin, baizik eta bigarren aldiz; eta aurrekoan bezain baliozkoa izango dela herritarrek oraingoan ematen duten iritzia. Zorionez, diot, Espainiako auzitegien argumentazioak ez diezagun iparra galaraz; ez dezagun pentsa Madrilgoa dela normaltasun demokratikoa.
Zuzenbidean katedraduna den Juanjo Alvarezek aipatua da metafora: Espainian, legeak inbutu gisa funtzionatzen du. Egiten den guztiak zulo estutik igaro behar duela dirudi, kanalizatu behar dena askoz zabalagoa dela jakin arren. Demokraziari errespetu handixeagoa dioten herrialdeetan, aldiz, legeak badu aski malgutasun herritarrek modu argi eta demokratikoan adierazitako eskarietara moldatzeko.
Eta zein adierazpen masibo, argi eta demokratikoago ezagutu ote dugu azken urteotan, A-9a bera baino? Epaiaren oinarrian dauden publizitate kanpaina, kontratuetako sinadura eta ikastetxeetako ardurek ezin dute laburtu egun hark esan nahi izan zuena: 2.344.828 herritarrek eskatutako ariketa demokratikoa. Analisi politiko horri izkin egiten ahalegindu da epaia, hiru kargudunen inhabilitazioa xehetasun irrigarrietan oinarrituz. Baina 2014ko udazken hartan Eskoziako eta Kataluniako galdeketak behatzeko pribilegioa izan genuenok badakigu A-9an irregulartasun handi bakarra zegoela: Estatuak ez zuela babesten herritarren adierazpen askea.
Eta hemendik aurrera zer? Artur Masen etorkizun politikoaz eztabaidatzea baino interesgarriagoa da begirada egungo gobernuaren asmoan iltzatzea. Carles Puigdemontek data zehatzagoak aipatu zituen atzo erreferenduma egiteko aukera gisa: uda amaiera edo udazken hasiera. Tarte horretan, epai gehiago ere helduko dira; hasteko, Francesc Homsena, eta, aurrerago, Carme Forcadell parlamentuko presidentearena. Espainiako Gobernuak espero duenaz beste, Kataluniako independentismoari berez falta zaion kohesioa gehitzen dio gerra judizialak. Izan ere, independentista konbentzituak ez direnen marra gorri ugari ere gainditzen dituzte atzokoaren moduko epaiek. Bakoitza bere erritmoan ari da ohartzen Espainiak mailu kolpeen bidez erantzuten diela eskari demokratikoei, eta independentziari buruz erabaki ezin daitekeen modu berean dauzkagula eragotzita gure etorkizunari buruzko beste hainbat erabaki ere.
Halako oinarri batekin, erreferenduma negoziatutako bideetatik bilatzeak ameskeria dirudi, eta Kataluniako Parlamentuan ordezkatuta dauden diputatu gehienek badakite hori. Baina, aldi berean, zalantza sortzen da ere zein ibilbide ote daukan erreferendumerako deialdi batek Espainiako legea aurka baldin badauka. Katalanek oinarri juridiko propioa sortu dute galdeketa egin ahal izateko; deialdia egiten duten unean egingo dute publiko. Kasu horretan, legea ez da inperioa, ez inbutua ere: legea, besterik gabe, tresna bat da. Beharbada, horixe da lehenbiziko urratsa: legea inperio bihurtu ordez etxe bihurtzea. Eta ulertzea, bere barruan bizi diren pertsonen beharretara egokitu ezean, ez duela balio.