Berlinek ez du gerra bat behar

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko abe. 22a, 00:00

Noiz eta Eguberrien atarian, non eta almendra erregosien usaineko azokatxo batean irten da karga handiko kamioia errepidetik, ziztu bizian jendetzaren erdira. Bere buruari Estatu Islamikoa deitzen dion erakunde batek bere gain hartu du erasoa, baina argitzeko dago egileari agindurik eman ote zion: ezezkoan da Polizia. EIri, ordea, merke ateratzen zaio edonoren erasoen marka izatea.

Suma daiteke segurtasunaren auziak 2017ko bozetaraino iraungo duela Alemanian, eta Angela Merkel kantzilerrari kosta egingo zaiola bere migrazio politika defendatzea. Berlingo erasoengatik atxilotu zuten lehenbiziko pertsona pakistandarra zen, asiloa eskatuta bizi zena. Aske utzi zuten, frogarik gabe. Orain, tunisiar baten bila dabiltza: 2015etik bizi da Alemanian, nahiz eta estatuak babesa ukatu zion. Abenduan galdu zioten arrastoa. Hura bezalako beste 549 «arriskutsuz» osatutako zerrenda batekin ari da lanean gobernua.

Erantzun errazenarekin konformatzen denak aise atera dezake ondorioa: migrazioak du errua. Biktimen gorpuak oraindik jasotzeko zeudela txiokatu zuen eskuin muturreko Alemaniarentzako Alternatibak (AFD): «Merkelen hildakoak dira». Harrezkero, kantzilerra odolez zipriztinduta ageri den hainbat irudi muntatze zabaldu dituzte.

Europako eskuin muturrak ere beteta ikusi du bere profezia: Hungariako prentsak inozokeria egotzi dio Berlini, eta Erresuma Batukoak brexit-a justifikatzeko erabili du. «Inori ahaztu bazaio zergatik berreskuratu behar dugun gure mugen gaineko kontrola, begira dezala Alemaniara», argitaratu du The Telegraph-ek. «Estatu baten betebehar nagusia bere herritarren segurtasuna da, eta horrek migrazioa fundamentuz kontrolatzea esan nahi du».

Esango nuke herritarren segurtasunak zerikusi handiagoa daukala bizitzeko baldintza duinekin. Atzerritarrei paperik ematen ez dien eta paperik gabeko biztanleak klandestinitatera bultzatzen dituen herrialde batek nekez izango du Alemaniak gaur egun daukan baino arrisku txikiagoa erasoak sufritzeko. Bide batez, galde diezaietela Europara ihesean datozenei zenbat saltoki leherrarazi dituzten azken urteotan Bagdaden.

Wolfgang Schaeuble Finantza ministroak aitortu du espero zutela halako erasoren bat; 2016an aurreko hamar urteetan baino saialdi gehiago eragotzi omen dituzte. Inguruko hainbat gobernuk hotsandiz aldarrikatutako «terrorismoaren aurkako gerra» martxan da, baina irabazteko perspektibarik gabe. Nizakoaz (Frantzia) geroztik, herri txikieneko festagunea poliziaz zainduta dago; geltokiak, soldaduz josita. Herritarrei galdetu behar litzaieke segurtasuna bainoago ez ote duten segurtasunik eza sentitzen neurriokin. Baina hara: kaleak poliziaz josita ere, erasoek gertatzen jarraitzen dute. Eta delako «gerra» hori, sumatzekotan, gehiago sumatzen dute alboetan daudenek: asilo eskatzaileek.

Euskal Herrian ongi dakigu halako gerrek erradio askozaz zabalagoa daukatela. Erasoen oroitzapena bero dagoela, zaila da bestearen lekuan jartzea, baina ahalegindu behar genuke ulertzen Berlingo ekintzaileak, bere buruan justiziaz edo fedez mozorrotutako konbikzio politikoz kamioia gidatu duenak, estatuaren babesa jasotzeko eskubidea daukala. Eta espetxeratzen badute ere eskubideak izaten jarraituko duela. Berlingoaren moduko ekintzak ez dira migrazio lege justuen ondorio; izatekotan, haien faltaren seinale dira. Munduko edozein zokotan zerua Estatu Islamiko baten forman hitzematen duen kausa ideal bat dagoen bitartean, munduko edozein tokitan egongo dira hura miresten duten pertsonak. Izango dira migratzaileak, europarrak, musulmanak, beltzak edo zuriak. Estatu Islamikoaren garaipen armatuaren ideiak eskura duten beste edozerk baino gehiago liluratzen dituen bitartean existituko dira, eta lilura hori nekez atxilotu edo tirokatu daiteke. Beraz, akaso ez genioke geure buruari galdetu behar zein eskubide merezi dituzten pertsona horiek, baizik eta zerk eta zergatik liluratzen dituen halako zerbait egiteraino. Gerra oihuak isilduta, hobeto entzuten da normalean.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide