Trump showman-a ezagutu dugu, baina ez oraindik Trump politikaria. Zaila da aurrez esatea bere promes zalapartatsuetatik zeintzuk sartuko dituen indarrean; besteak beste, Kongresuarekin negoziatu beharko duelako, eta errepublikano guztiak ere ez direlako berdinak. Batzuek aukera gisa ere ikusi dute Trump —bere zuzentasun falta guztiarekin— sistemaren muinean sartzea, horrek lurrikara eragin dezakeelako establishment herdoildu eta zurrunean. Zaila da lurrikara baten ostean hobeto geratu den leku bat irudikatzea, baina agian egongo da.
Nolanahi ere, Trumpek egin dezakeena edo ezin dezakeena baino kezkagarriagoa da epe laburrean nor hauspotuko duen. Haren espantu xenofobo eta misoginoek bozgorailu bat daukate orain Etxe Zurian, eta horrek legitimazioa topatzen laguntzen die. Ikusi besterik ez dago nortzuk izan diren poztu diren lehenak: Fronte Nazionala, UKIP, Ku Klux Klaneko buru ohia...
AEBetako nazionalismo zuria indartuz joan da azken urteotan —neurri batean, Obamarekiko erreakzioz—. Trumpek atzerritar aurpegia jarri dio etsaiari, eta gizon zuria ahalguztiduna dela eszenifikatu du. Zilegitasun berri bat eman die irainei eta bazterkeriari: presidenteak ere lasai esan baldin badezake etorkinak gaizkileak direla eta emakumeak nahieran erabil daitezkeela, zergatik ezin dute gauza bera egin herritar arruntek?
Indarkeria orok du justifikatzen duen diskurtso bat oinarrian, eta AEBetan paperik gabe bizi direnek, emakumeek, trans-ek... kezkatzeko arrazoi handiak dauzkate. Ez Trumpek egingo dienagatik —soilik—, albokoek egin diezaieketenagatik baizik.