Kataluniako independentismoak kanpoko oztopoen beharra dauka aurrera egiteko. Soilik horrela uler daiteke parlamentuaren atzoko keinuaren balioa: ez prozesu konstituziogilea bultzatzeko batzordearen ondorioak bozkatu zituztelako —ez zekarten berritasun handirik, edo, areago, haiek martxan jartzeko egoera lehengo bera da—, baizik eta Auzitegi Konstituzionalaren mehatxupean onartu zituztelako. Eta bide batez nabarmen geratu zelako Podemosi errazagoa zaiola prozesu konstituziogile bat iragartzea, gero babestea baino.
Baina horrez gain, Procés-ari indar propio gutxi geratzen zaiola ematen du. Prozesu bat baino, gehiago da urrats iragarrezinen hurrenkera inprobisatu bat, kanpoko gertakarien arabera mugitzen dena. Azken urteotan ikusi ditugu une egiaz gogoangarri eta harrigarriak, bazterrotako politikan ere gustura asko ikusiko genituzkeenak. Baina azkenean irailaren 27ko %48 hartan trabatu zen, antza, independentismoa, gidoirik gabeko jarraituko du... bat bestearekin kateatuz.
Baina Katalunian zerbait ikasi badugu, hauxe da: ez eman inoiz ezer bukatutzat. Urte hasieran beti etorri ohi da beheraldia, eta udazkenean hauspotu ohi dira animoak. Eta istorioari beste klimax bat geratzen zaio oraindik, gutxienez: presidentearen konfiantza mozioa irailaren 28an.