Urteko lehenbiziko festa nagusien lehenbiziko egunean heldu da emakume baten aurkako lehenbiziko eraso bortitza, udari abiatzeko tonua ezartzeko balio duen txupinaren moduan. Abisu bat ere izan da guretzat, eta, zorionez, erreakzioa ere halakoa izan da, tamainan eta intentsitatean: ñabardurarik gabeko abisu bat, festen aitzakian gotortu asmo duten erasotzaileei gogorarazteko ez daukatela tokirik inon.
Gertatutakoa larritzen al du erasotzaileetako bat guardia zibila zela jakiteak? Jendearen gaitzespena areagotzeko balio al du? Ziurrenik, bai. Ustez herritarren babesa bermatzeko ardura daukan figura bat halako erasoak egiten ikustea beti da eskandalagarriagoa; mediku batek edo politikari batek eginez gero ere hala litzateke. Baina gure kasuan ez dakit zenbateraino den horregatik: ez dut uste inor harritzen denik Guardia Zibilak gehiegikeriak egiten dituela eta babesa baino gehiago arriskua dakarrela aditzean. Aldiz, inguruko erreakzioetan sumatu dut halako autokonplazentzia moduko bat, Bestearen erruak elikatua: «Jakina, erasotzailea andaluziarra eta, gainera, guardia zibila! Nola, ba, bestela?». Erasoak etorkinen eskutik gertatzen direneko erreakzioen antzera, badirudi datu horrek beste logika bat ematen diola gertatuari, bertako giroetan, geureetan, erasoetatik libreago bageunde bezala.