Horren zaila ote da gaizki egin zutela aitortzea?». Hala hasi omen zuen Euskal Herriko lehendakarietako batek Madrilen bakegintzari buruzko ikastaro bat. Bere instituzioak berak ordaindutakoa, bidenabar.
Zalantzarik gabe, beharrezkoa da Espainian presoei eta espetxe politikari buruz hitz egitea, «beste aldea» ere harekin konfrontatzea. Eta ziurrenik eraginkorragoa da sakabanaketaren salaketak Jaurlaritzaren zigilu ofiziala baldin badauka, «betikoen» ahotik betiko formetan heltzea baino; torturari buruz aurkeztu berri duten ikerketaren antzera. Egia da, baita ere, hauteskundeen eta gobernurako negoziazioen garaian, halako keinu onberek beti pizten dituztela errezeloak. Euskal Herriaz eta edozein koiuntura politikoz baino askoz harago doan auzia da presoena, eta espainiarrei ere ulertarazi behar zaie euren gatazka ere badela. Hasteko, ez dakidalako nola bizi litekeen lasai ia 400 preso politiko dauzkan estatu batean. Presoen auzia guztiona da, eta mezu horrek heldu behar du: ikerketen bidez, kongresuko pulpitutik, kaletik eta baita gorbatek estutzen dituzten eztarrietatik ere. Beharbada orduan hasiko gara euskal gatazkari buruzko ikastaroak kontrako galderarekin abiatzen, benetan aurrera eramaten gaituen horrekin: «Horren zaila ote da guk ere gaizki egin genuela aitortzea?».