Txorrotxioa

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko uzt. 6a, 00:00

Txinako Gobernuak abisu eman die Interneteko hedabideei: sare sozialetako edukiekin albisteak nahieran sortzen jarraitzen badute, itxi egingo ditu. «Albisteen egiazkotasuna ikertzeko eta frogatzeko ardura» eskatzen die.

Ezin esan ondorioa ona denik, baina analisitik badugu zer ikasia. Gure inguruan ere sumatzen baita halako genero berri baten sorrera, «Twitter kazetaritza» dei geniezaiokeena: sare soziala gertakarien plazatzat daukan hura, albiste ez diren berriak sortzeraino. Erabiltzaile ezagun batek txio bat botatzen du, besteak lehor samar erantzuten dio, eta bosgarren minutura titulua sortu du egunkariak: «Halako eta halako liskartu dira Twitterren». Liskartu? Irudika ditzaket bata zein bestea lasai asko sofan eserita, txiokatu bitartean musika klasikoa entzuten.

Sarri aditu dugu «kazetaritza hil» egin dela Twitterrekin, «orain edonor izan daitekeelako kazetari». Topiko horretan sinesten duenak gutxi jakin behar du ofizioaz. Istilu batean sakelakoa atera eta bideo dardarti bat grabatzeak ez zaitu kazetari bihurtzen, lekuko baizik. Ofizioa hiltzen ari bada, ez da izango twitterlari gehiegi kazetaritzan jarduten hasi direlako, alderantziz baizik: kazetari gehiegik galdu dutelako adi egoteko gaitasuna, sareko txorrotxioak gortuta.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide