Ariketa gisa, zabal genitzake Erresuma Batuko egunkari nagusien webguneak, eta begiratu zenbat aldiz aipatzen den «izua» edo haren baliokideren bat brexit-ari buruzko albisteetan. Erreferendumetik astebetera, barruan zein kanpoan ozenduz doaz aurkako ahotsak, eta aldekoak apalduz, Boris Johnson Londresko alkate ohiarena kasu. Kanpainan, euroeszeptizismo moderatuak haren aurpegia zeraman, baina orain irudipena ematen du nahiago zukeela erreferenduma boto gutxirengatik galdu izan balu; helburu sendodun politikari gisa agertuko zatekeen, eta bidea zabalik edukiko zukeen Londresko eskaileretan igotzen hasteko.
Baina bozketak zer diren: mundu guztiak espero zuenaren aurka, EB uzteko aukera nagusitu zen. Nork bere arrazoiak izango zituen, eta nork beregan pentsatuz bozkatu zuen, baina koadro orokorra desberdina da. «Pertsona askok euren soldatan pentsatuz bozkatu zuten brexit-aren alde, edo establishment-ari erakusteko nazkatuta daudela. Izututa zeuden, eta uste zuten horrela boterea berreskuratuko zutela», azaldu berri du Laurie Penny idazle feministak. Jakina, brexit-aren aldeko guztiak ez dira arrazistak: «Baina, zoritxarrez, arrazistak diren guztiek brexit-aren alde bozkatu zuten. Eta gainerakoek aintzat hartu behar dute gutxiengo arrazista bat boteretu dutela». Nork beretzat egiten duenak, sarri, ustekabeko eragina izan ohi baitu irudi orokorrean.