Ez gara abertzaleak, herrizaleak baizik». Hala aditu genion duela gutxi Podemosi Euskal Herriko herriren bateko mitinean. Baina zein herriri buruz ari ote zen? Ez zen, behintzat, mitina bera ematen ari ziren udala, ez eta herri hitza erabili ohi dugun gehienok buruan daukagun Euskal Herri zabalago hori ere.
Herria, zehaztu behar ez duzun bitartean edozer gauza izan litekeen izate likido hori. Bitxikiro, kanpainarako aukeratutako leloa aldatu egiten da toki batetik bestera: estatu osoan Herri baten irria dena, Katalunian, erreferenduma gutxieneko demokratikoaren parekoa den tokian, Herrien irria bihurtzen da. Eta Madrildik «herriak» entzuten dugun bakoitzean, gogora datorkigu aurreko kanpainan agindu zuten Plurinazionalitaterako Ministerio hura, bere «nazio eta erkidegoen kontseilu» harekin. Zeina gizonek zuzendutako enpresa batean emakumeen batzorde bat sortzea bezala litzatekeen, idazkaria, jardun erdiko langilea, garbitzailea eta bekaduna astean behin kafea hartzeko elkartu zitezen.
Herrizaleak eta irrizaleak gara. Herria esaten dugu, eta bide batez saihestu egiten dugu Euskal Herria-ren ordez Espainiar herria esatea. Ez dugulako erakutsi nahi funtsean bagarela abertzaleak, baina beste aberri bat daukagula buruan.