Bi ertz

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko mai. 26a, 00:00

Idomeni hustu dute. Kazetariak atera dituzte lehenbizi, inork ez zezan kontatu; gero, laguntzera joandako sendagileak, iheslariek ere ikus zezaten zentzu gutxi zeukala Europaren atari horretan irauteak, desesperantzaren eta esperoaren arteko atalasean. Gainontzekoa nekeak eta etsipenak egin dute: askok nora zihoan ere ez zekiten autobus batean sartzea onartu dute, eta norbaiten sinadura baten menpe utzi dute beren ekimenez abiatutako bidea.

Alemaniako tren geltoki nagusietan ere ikusten dira azkenaldian, ohi baino gehiago: gazte taldeak nasetan barreiatuta, eskuak patriketan egonean, baina trenik hartu gabe. Makinetan norbaitek soberakinen bat ahazteko zain egongo dira beharbada; edo, besterik gabe, erakunderen batean euren babes eskaerari kasu egin diezaioten zain. Akaso horregatik daude hiri horretako irteera gunean, irten gabe.

Bidaiariei deskonfiantza ematen diete. Zertarako ukatu: batetik bestera joateko pentsatuta dauden espaziootan norbait egonean ikusteak ezinegona sortzen du. Eta norbait hori gizonezkoa, gaztea eta beltzarana bada, are gehiago.

Ihesean dagoenarentzat, bi ertz, bi linbo dira gaur egun mugetako kanpalekuak eta Europako tren geltokiak. Haietatik begiratzen diete ihes eginarazi dien iraganari eta ukatu nahi dituen etorkizunari.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide