Eta bozketa saldo horri begira gaude euskal herritarrok, erabakitzeko aukeraren baten —zerbait, edozer, galdera xumea bada ere— eskean, baina bizilagunari badaezpada galdetu gabe zer pentsatzen ote duen autodeterminazioaz edo Europako Batasunaz. Batzuetan irudipena ematen du bozkatzeko aukera emateagatik soilik independentzia gosea piztuko zaiola berehala jendeari: horregatik omen da garrantzitsua galdeketak egiten hastea. Ekintzak piztuko du gero kontzientzia.
Egia da Katalunian ere fede baino irri gehiago eragin zutela hasieran 2009ko herri galdeketek: nola erabaki behar zuen, bada, Arenys de Muntek independentziaren inguruan? Txikiegia zen, ez errepresentatiboa. Ohartzerako, ordea, milioi bat lagunetik gora mobilizatu ziren herriz herri, eta 2012ko Diadan lehertu zen ezustekoa.
Baina erabakitzeko eskubidearena elurra bezala da: hotza egin behar du lehenbizi. Eta, neuk behintzat, nahiko goxo ikusten dut jendea nire inguruan. Katalunian klima nabarmen aldatu zen urte haietan, Madrilek Estatutuari uko egin zionean: une horretan sentitu ziren asko lehenbiziko aldiz babesgabe, euren buruari Espainiarekiko harremanari buruz galdezka. Eta independentismoak prest zeukan aurretik harilkatutako erantzuna. Hemen berogailuek lausotzen dizkigute leihoak.