Izu efektuak

Erabiltzailearen aurpegia Samara Velte 2016ko api. 23a, 00:00

Kanadako Attawapiskat herri indigenak larrialdi egoerara deitu behar izan du taldean hedatu diren suizidioengatik. 6.000 kide eskas dituen komunitatean, euren buruaz beste egiteko berrehun saialdi baino gehiago izan dira udazkenaz geroztik.

Zaila da irudikatzea nolakoa ote den hil nahi duen herri batean bizitzea. Kutsatu egiten ote da gogoa? Suizidioa aukera zentzudun gisa agertzen hasten ote da norberarentzat ere? Egunkarietan propio ezkutatu ohi dira suizidiozko heriotzak. Argudio nagusia da horrek «dei efektua» eragiten duela, eta zalantzan egon daitezkeenak suizidiora bultza ditzakeela. Berriro hitz hori: «dei efektu» esaten diogunero, naturalizatzen ari gara gertatzen ari dena, natur fenomeno saihetsezinez ari bagina bezala.

Egiak, ordea, zerikusi gutxi dauka naturarekin. Batez besteko kanadarren oso azpiko baldintzetan bizi da Attawapiskat herria: mila etxetan ez dago urik, langabezia %80 ingurukoa da eta hiru ikasletik bakarrak amaitu ohi ditu oinarrizko ikasketak. Ez da kasualitatea droga menpekotasun eta suizidio tasa handienak gizonezkoengan eta nerabeengan egotea: komunitatetik kanpoko lantoki eta ikastetxe guztietan daude baztertuta. Baina errazagoa da fenomenoa patologizatzea. «Dei efektua» deitzen zaio kausa ukigarriak ikusi nahi ez direnean.

Osorik irakurri

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide