Nik Tri #izanezberdin udalekuen helburu nagusia lagunartea sortzea eta balioen transmisio-tresna izatea da, besteak beste, elkartasuna eta laguntasuna, izaera aktiboa eta positiboa, diziplina eta norbere burua hobetzeko grina eta ohitura osasuntsuak sustatuz.
2008. urtean sortu ziren lehenengo aldiz Nik Tri #izanezberdin udalekuak Askizu aterpetxean (Getaria). Bertan 15 bat umek hartu zuten parte. 10 urte beranduago, 7-17 urte bitarteko 120 umek hartuko dute parte aurtengo kirol udalekuetan.
- Arotz-Enean aterpetxean (Nafarroa): abuztuak 6-11
- Txurruka aterpetxean (Orio): irailak 2-7
Adin guztiei eta forma fisiko guztiei egokitutako ibilbideak eta ariketak prestatu dira, beraz, kirolean hasi nahi duenak ere badu tokia udaleku hauetan. Euskal Herri osotik datoz parte-hartzera, euskalki desberdinak nahastuz. Azpimarratzekoa da parte-hartzaileen %42-a emakumezkoa izango dela.
Aste beteko egonaldi hauetan, goizero triatloia osatzen duten modalitateetako bat landuko da: igeriketa, bizikleta eta korrika. Arratsaldeetan berriz, aisialdiko ekintzen txanda izango da: ur-jolasak, ingurua ezagutzeko irteerak, euskara tailerra, multikirolak, orientazio jokoa, etab. Azken egunean, ikasitako guztia praktikan jartzeko asmoz, triatloia ospatuko da. Azkenik, udalekuari amaiera sorpresa batekin emango zaio. Zein izango ote aurtengoa?
Udaleku arrakastatsu hauen atzean, heziketan eta udalekuen antolaketan eskarmentu handia duen lantaldea dago: Kutxa Fundazioa, Nik Tri triatloi elkartea, Arazi eta Fitgüne. Hauez gain, urte osoan zehar etengabeko laguntza ematen dute, besteak beste: Gipuzkoako Triatloi Federazioa, Hazi, Baserria KM0, Eusko Jaurlaritza, El Diario Vasco, Catalana Occidente, Nardin, Orca, Bilbotex, Hegalak, Euskadiko Triatloi Federazioa, Coca-cola, Ameztoi, eta Orona.