Zarauzko astekari digitala da, Zarautz eta zarauztarrak ardatz izango dituen astekari digitala, hain zuzen ere. Urte dezente dira papereko aldizkaririk ez dugula herrian, eta hutsune hori betetzera dator Gukasteka. Baina garaiak aldatzen doaz, abiada bizian gainera, eta gaur egungo errealitate teknologikoa eta kontsumitzeko joerak kontuan hartuta, astekari berria, paperean beharrean, euskarri digitalean argitaratzea hobetsi dugu.
Formatu digitalak paperak baino aukera gehiago ematen ditu, nola informazioa lantzerako garaian, hala kontsumitzerakoan ere. Hori horrela, Gukasteka jasotzen duten herritarrek aldizkari bat paperean jasotzen dutenek baino eskaintza zabalagoa izango dute eskura. Izan ere, idatzizko edukiez gainera, ikus-entzunezkoak ere jasoko dituzte; esate baterako, bideoz egindako elkarrizketak eta erreportajeak.
Gukasteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, horietako zenbait astetik astera aldatzen joango direnak; eta dagoeneko zehaztu ditugu batzuk: Behatxuloa iritziaren tartea, Ene Zarautz maite garai bateko argazkien txokoa, Amatxilili plaza erreportaje landuen atala, Bina-bina bideo-elkarrizketen tartea, eta bertso katea ere osatu nahi dugu, Motxian-Etxebeltz Bertsogunearen eskutik.
Zarautz eta zarauztarrak protagonista izango dituen astekarian, herriari eman nahi diogu ahotsa, eta esparru, arlo, diziplina, genero eta ikuspegi orok izango dute lekua. Horretarako, zarauztarrok gure egin dezagun Gukasteka, izan dadila guztiona; elkarrekin egiten dugulako herria.