Lagunartekoa jokatuko dute etzi euskal selekzioak eta Eslovakiak Aritzbatalden

Intza Trula 2026ko ekainaren 9a

Koldo Arsuaga federazioko ordezkaria, Dan Lertxundi ZASTeko ordezkaria, Joseba Lizarralde Euskadiko selekzioko entrenatzailea eta Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia. (Intza Trula)

20 urtez azpiko emakumezkoen saskibaloi partida izango da, eta 19:30ean hasiko da, doako sarrerarekin. Zarautzen ez ezik, Beasainen ere jokatuko dute lagunartekoa: ostiralean izango da hori, 19:00etan. Joseba Lizarralde euskal selekzioko entrenatzaileak aitortu du jokalariak "oso ilusionatuta" eta "jokatzeko gogotsu" daudela hitzorduarekin.

Euskal Saskibaloi Federazioak, Zarauzko Udalak eta ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeak lagunarteko hitzordua antolatu dute aurten ere: 20 urtez azpiko emakumezkoen euskal selekzioak Eslovakiaren aurkako bi partida jokatuko dituzte. Lehenengoa Zarautzen izango da, ostegun honetan, Aritzbatalde kiroldegian, eta bigarrena Beasainen (Gipuzkoa) jokatuko dute, ostiralean.

19:30ean hasiko da lehenengo eguneko norgehiagoka, Zarauzkoa, eta bigarrena, Beasaingoa, 19:00etan jokatuko dute. Sarrera librea izango da bai partida baterako bai besterako ere, eta, beraz, federazioak zein udalak herritar oro gonbidatu du neurketez gozatzera.

Hitzorduaren atarian, neskak "oso ilusionatuta" eta "jokatzeko gogotsu" daudela egin du azpimarra Joseba Lizarralde euskal selekzioko entrenatzaileak. Jokatzera deitu zituzten lehen unetik "prestasun handia" erakutsi zuten guztiek. 18, 19 eta 20 urte dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jokalariez osatu du taldea Lizarraldek; esaterako, Easo, Ointxe, Ordizia, Gernika eta La Salle taldeetako jokalariek osatuko dute zerrenda.

Hiru igandetan entrenatu dutela kontatu du entrenatzaileak, eta saio horietako balorazio ona egin du: "Zoragarri entrenatu dute, plazera da beraiekin lan egitea". Jokalariok, gainera, aurretik probintzietako selekzioetan ibiliak direla kontatu du Arsuagak; hau da, elkarrekin jokatu dute beraietako askok, eta, bestela, aurkari izan dira, "eta hori nabaritu egiten da". Teknikoki "talde polita" duela iritzi dio, eta, hori horrela izanik, Euskadiko selekzioaren "maila altua" erakustea da entrenatzailearen zein jokalarien nahia.

Elkarlanaren garrantziaz

Halaber, Koldo Arsuaga Euskal Saskibaloi Federazioko ordezkariak horrelako hitzordu bat antolatzeko elkarlanak duen garrantziaz hitz egin du: "Beharrezkoa da hartu-eman bat egotea guztion artean, eta alde horretatik eskerrak eman nahi dizkiet Zarauzko Udalari eta ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeari". Arsuagak gogoratu duen moduan, ez da lehen urtea elkarrekin lan egiten dutena, eta bai udala bai ZAST "beti daude kolaboratzeko prest".

Gaineratu du Euskadiko selekzioarentzat "oso garrantzitsuak" direla horrelako hitzorduak, "nazioartean presentzia izateko". Ildo horretatik, kontatu du lanean ari direla datozen urteetan partida gehiago jokatzeko, beste herrialde batzuetako selekzioen aurka. "Ea datorren urtean absolutuen mailako neurketarik jokatzeko aukerarik dugun".

Ildo beretik, Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak ZASTek Zarauzko saskibaloi taldeekin egiten duen lana goraipatu nahi izan du: "Goi mailako taldeez ari gara orain, baina herri honetako taldeekin ere lan handia egiten du klubak".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide