Azken txanpan sartu dira santamarinak

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 24a

Herri kirol erakustaldia eskaini dute Izeta eskolako kideek eguerdian, eta ondoren, parrillada izan da Auzoa Bizirik taldearen eskutik. Arratsaldean, musika festak girotuko du auzoa. 

Bi asteburutan guztia eman ondoren, santamarinak amaierara iristear dira. Edonola ere, jaiei amaiera emango dieten sardinaren ehorzketa eta banderaren jaitsiera iritsi bitartean,  bizilagunak nahiz herritarrak gogotik aprobetxatzen ari dira azken eguna.

Eguerdi partean, esaterako, giro ederra sortu da auzoan. Arrai Zopa kantu taldekoek geldialdia egin dute bertan, eta hainbat abestiz alaitu dute kalea. Bien bitartean, Izeta eskolakoeko herri kirol erakustaldi ikusgarria eskaini dute. Alde batetik, Maddi Gesalaga eta Lierdi Osa harri txikiekin aritu dira, eta ondoren, Jakes Iruretagoieta Izeta V.a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a iloba-osabak pentatloi erronka partikularra jokatu dute, non osaba izan den garaile.

Parrillada Auzoa Bizirik taldearen eskutik izan da. Oilasko hegoak eta hanburgesak prestatu dituzte hauek, eta jendeak atseginez dastatu ditu, goizari amaiera bikaina emanez. Arratsaldean, musika festa izango da DJ Arnorekin, eta ondoren, Santa Marinako boletoen zozketa eta urdaiazpiko apustuaren irabazlea iragarriko dute.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide